Granadak Itziar Gastearena fitxatu du

Ataria 2022ko abuztuaren 27a

Itziar Gastearena, Granadak fitxatu dituen gainerako jokalariekin batera, aurkezpen ekitaldian.

Eskuin hegaleko atzelari billabonatarrak, Andaluziako taldean jokatuko du denboraldi honetan. Zenbait urtez Emakumezkoen Lehen Mailan aritu ondoren, Bigarren Mailan jokatuko du aurten.

Itziar Gastearenak (Amasa-Villabona, 1993), erronka berri bati ekin dio. Hilabete hasieran aurkeztu zuen Granada futbol taldeak bere fitxaketa, eta jada Andaluziako taldearekin ari da entrenatzen. Aurtengo denboraldian, beraz, Reto Iberdrola Ligan (Bigarren Mailan) jokatuko du Gastearenak. Esperientzia berria izaten ari da, inoiz ez baitzuen Euskal Herritik kanpoko talde batean jokatu, eta beraz, hau du bere lehen aldia etxetik urrun.

Azken denboraldian, Gasteizko Alaves Gloriosas taldean jokatu du Iberdrola Ligan (Lehen Mailan), baina ez ditu nahi adina minutu izan berdegune barruan (bederatzi partidatan jokatu du, ligako zortzitan eta kopako batean), eta beraz, bide berri bati ekitea erabaki du. 2019an heldu zen Gasteizera, eta hiru denboraldi egin ditu bertan. Aurrez, Eibarren, Realean eta Tolosan jokatu zuen billabonatarrak.

Palmaresari dagokionez, Euskal Herria Kopa irabazi zuen Realarekin, 2012an. Gero, 2018-2019 denboraldian, Reto Iberdrola Ligara igotzea lortu zuen Eibarrekin, eta 2020-2021 denboraldian, Reto Iberdrola Ligako txapeldun izan eta Iberdrola Ligara igotzea lortu zuen Alaves Gloriosas taldearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!