Villabonako jaiak 2022

Trafikoan aldaketak egingo dituzte egunotan

Ataria 2022ko uzt. 28a, 13:00

Amasa-Villabonako Udaltzaingoak hainbat ohar eman ditu festetarako.

Santio jaietan Kale Berria trafikoari itxita egongo da zenbait ordutan Iru Aldetako bidegurutzetik elizaraino. Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi duenez mozketa hauek ez die larrialditako zerbitzuei eragingo. Festa gunean garajea duten ibilgailuei eta bizilagunei, aldiz, elizako bidegurutzetik sartzeko aukera emango zaie. Gaur, 18:00etatik 22:00etara itxiko dute Kale Berria, eta bihar, 16:00etatik aurrera itxita egongo da igandeko 14:00 bitarte. Asteburuan Kale Nagusian ezingo da zamalanik egin, baina gaur eta bihar, 06:00etatik 11:00etara zabalduko dute, hornitzaileak sartu ahal izan daitezen.

Autobus zerbitzuak

Kale Berrian izango diren trafiko mozketek autobus geltokietan ere eragina izango dute. Beraz, kalea moztuta dagoen egun eta orduetan Donostiarako norabideko autobusak Olaederra kiroldegian egingo dute geldialdia eta Tolosarantz doazenak, berriz, Txermingo biribilgunean eta Arroako geltokian geratuko dira.

Amasa-Villabonako Udaltzaingoak herritar guztiei eskatu die jaietan herrian zehar mugitzeko ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko, etenaldirik egon ez dadin. Egun horietan, oinezkoen kopurua handitzen dela kontuan izanik, herrian zehar arreta handiz gidatzeko eskatu dute. Ibilgailuak kanpoaldean edo Txermingo aparkalekuan uztea gomendatu dute.

Beste hainbat ohar ere eman ditu Udaltzaingoak. Poltsa, diru-zorro, telefono mugikor edo balizko gauzei arreta jartzeko eskatu dute, lapurretak ekiditeko asmoz, «batez ere, jende multzo handia biltzen den tokian arrisku hori izan daiteke». Gainera, 16 urtetik beherakoek uztailaren 31ko sokamuturrean parte hartzea debekatuta izango dutela ohartarazi dute udaltzainek, eta aipatu dute, ekintza bertan behera geratuko dela 16 urte baino gutxiagoko nerabeak eremura sartzen badira. Larrialdietarako 943 69 39 80 telefonora hots egin daitekeela ere aipatu du Amasa-Villabonako Udaltzaingoak.

Garbiketa Zizurkilen

Villabonako Santio jaiak direla eta, garbiketa zerbitzu berezia kontratatu du Zizurkilgo Udalak. Bi herrien gertutasunak eragina izaten du jai egunetan eta sortzen den zikinkeria garbitu ahal izateko zerbitzu berezia kontratatu izan du urtero. Aurten ere hala egitea erabaki du udalak eta uztailaren 30n eta 31n, garbiketa berezia egingo dute Zizurkilgo kaleetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!