Villabonako jaiak 2022

Aritz Garin izan da azkarrena helmugan

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 25a, 13:44

Villabonako korrikalariak 24 minutu eta 47 segundo behar izan ditu 7,5 kilometroko bidea egiteko; 250 korrikalari inguruk hartu dute parte Zunbeltzek antolatutako XL. Herri Krosean.

Zunbeltz elkarteak, urteroko ohitura berreskuratu du aurtengo festetan eta Santio egunez Herri Krosa antolatu du. Berrogeigarren edizioa izan da aurtengoa eta helduen mailan Zizurkilen jaio eta Villabonan bizi den Aritz Garin izan da helmugan azkarrena. Zazpi kilometro eta erdiko bidea egin dute helduen kategorian parte hartu dutenek, 2003. urtearen aurretik jaiotakoek. Ibilbideari hiru itzuli egin behar izan dizkiote eta Garinek 24 minutu eta 47 segundo behar izan ditu lasterketa osatzeko.

Pozik agertu da helmugan korrikalari billabonatarra, lehenengo aldiz lortu baitu Herri Krosa irabaztea. "Txikitatik parte hartu izan dut eta poz handia ematen dit irabazi izanak. 2017an bigarren geratu nintzen, 2018an hirugarren eta 2019an berriz ere bigarren. Beti amestu izan dut herrian irabaztea eta azkenean lortu dut". Tarte batez utzita egon ondoren, berriro ere duela urte gutxi hasi zen lasterketetan parte hartzen eta "gustura" ari dela dio. "Hasieratik hartu dut aurrea gaurko krosean eta amaiera arte eroso sentitu naiz"

Lasterketa jendetsua

Zunbeltz elkarteak antolatzen duen krosean jende askok hartu du parte. Kategoria ezberdinetan banatuta egin dute laster korrikalariek. Aurrena, 2012tik aurrera jaiotakoek ibilbide txikiari itzuli bat eman diote. Ondoren, 2010 eta 2011 urte artean jaiotakoek bi itzuli eman dizkiote ibilbide txikiari, eta 2008 eta 2009 urteen artean jaiotakoek berriz, 2,5 kilometro egin behar izan dituzte, ibilbide nagusian zehar. Etxeondo auzoraino doan ibilbidea prestatu du Zunbeltz elkarteak lasterketarako. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 14 urtez azpiko 130 korrikalari inguruk hartu dute parte krosean.

11:30ean Altzin plazatik abiatu da kros nagusia. Aipatutako 2,5 kilometroko ibilbideari itzuli bat eman behar izan diote 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek, eta bi itzuli berriz, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. 2003. urtea edo lehenago jaiotakoak, aldiz, nagusien kategoria lehiatu dira eta hiru itzuli eman behar izan dizkiote zirkuituari. Aurrez izena emanda zeudenak eta azken orduan animatu direnak kontuan hartuta, 120 korrikalari inguru aritu dira kros nagusian.

Sailkapena
  • Nagusien maila gizonezkoetan
    1. Aritz Garin Arrastoa - 00:24:47
    2. Iñigo Garcia Gabari - 00:25:37
    3. Aitor Gisasola Iraola - 00:26:17

  • Nagusien maila emakumezkoetan
    1. Maite Viquendi Odriozola- 00:31:44
    2. Maren Goya Bidaurreta 00:32:11
    3. Nerea Esteban Ibarbia - 00:32:14

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!