Villabonako jaiak 2022

Etxeondo parkera zabaldu dute festa

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 24a, 20:52

Etxeondo Fest jaialdiari hasiera eman diote izen bereko parkean; bihar ere zabalik izango dira artisau eta diseinatzaileen postuak eta hainbat tailer egingo dituzte.

Amasa-Villabonan bizi eta lan egiten duten artisau eta diseinatzaileek sortu duten Etxeondo Fest ekimena inauguratu dute gaur. Santio festen hasierarekin bat eginez 16:00etatik aurrera, hamabost postu inguru egon dira izen bereko parkean. Ez da ekimen bakarra izan, ordea. Etxeko txikienentzat ipuin antzeztua egin dute arratsaldean eta Etxeondon izan da Zo-Zongo batukada taldea. Ondoren moda desfilea egin dute eta iluntzea borobiltzeko Dudik-P taldearen kontzertua izan da. 

Moda desfilearen unean elkartu da jende gehien parkean. Mark Velez Moreno, Arania, Arlene Ramirez Rodriguez, Baiguü, Irati Roal, Irune Mujika, Kimuri eta Virgnia Ameztoy diseinatzaileek erakutsi dituzte euren lanak eta herriko jendea eta artisau eta diseinatzaileak izan dira modelo lana egin dutenak.

Gaur izan da lehen eguna, baina bihar, Santio egunez segida izango du Etxeondo Festek. Bi egunetan, guztira, 35 parte hartzaile inguru izango direla nabarmendu dute antolatzaileek. Hau da biharko prestatu duten egitaraua:

  • 11:30-21:00. Artisau eta diseinatzaileen postuak.
  • 10:00-11:30. Yoga saioa.
  • 12:00-13:00. Gyotaku tailerra.
  • 13:00-14:00. Origami tailerra.
  • 17:00-18:00. Xaboi aromatikoen tailerra.
  • 17:00-18:00. Koadernaketa tailerra.
  • 18:00-20:00. Eskultura bizirik amaiera.
  • 19:45-20:30. Rockalean.
  • 20:30. Sualma Metak.
  • 20:30-22:00. Zigor DZren musika saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!