Villabonako jaiak 2022

Giro onean abiatu dira Villabonako Santio festak

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 24a, 13:54

Osasun etxeko eta Santiago egoitzako langileek bota dute jaien hasierako txupinazoa, Erreboteko plaza jendez gainezka zela.

Hasi dira Villabonako Santio jaiak. Eguerdian pregoia irakurri dute Osasun etxeko eta Santiago egoitzako langileek, festa batzordeak haiei eman baitie jaien hasierako suziria botatzeko ohorea. Lurdes Irazu eta Edurne Galarragak irakurri dute pregoia gainerako lankideen izenean eta eskertuta agertu dira beraiekin gogoratzeagatik.

"Gogorra, tristeak eta mingarriak izan dira bi urte hauek. Asko ikasi dugu guztiok. Ezjakintasunetik, beldurretik baina laguntzeko beharretik, elkartasun eta elkarlanetik ere izan dute. Uneoro zuen babesa jaso dugulako eta ez garelako bakarrik sentitu, mila esker benetan", esan dute osasun arloko langile. Pandemian utzi gaituzten herritarrak ere gogoan izan dituzte eta haien senideei besarkada estu bat bidali diete Erreboteko plazako oholtza gainetik. "Iritsi dira jaiak, ondo pasatzeko garaia da, berdintasunetik, errespetutik eta arduratik". Suziria bota dute Santiago egoitzako langileek ondoren, festei hasiera emanez.

Beatriz Unzue alkatea ere pozik eta hunkituta agertu da, bi urteren ondoren santioak berriro normaltasunez ospatu ahal izateagatik. Herritarrak festarako gogoz ikusten ditu eta guztiei deia luzatu die, santioak liskarrik gabe, berdintasunean eta errespetuz pasatzeko. Alkateak ohartarazi du, Erreboteko plazan ospatzeko zen bazkaria, eguraldi beroagatik Txermingo ikastolaren azpialdera lekualdatu dutela. 568 herritarrek eman dute izena herri bazkarian.

Goizean, Besamotza erraldoi eta buruhandien konpartsa ibili da kalez-kale Iraunkorrak txarangaren laguntzarekin. Maiatzaren Lehena plazan, berriz, eta Villabonako Xake elkartearen 50. urteurrenaren barruan Sabrina Vega txapeldun kanariarra, aldi berean, 25 jokalariren aurka aritu da. Erreboteko plaza, Molins de Rei eta Denok Danenaren arteko halterofilia proba egin dute.

Arratsaldean jarraituko du egitarauak. Aurten lehenengo aldiz ospatuko den Etxeondo Fest jaialdia abiatuko da 16:00etan izen bereko parkean. Gainerakoan, hau da, jai egitarauaren barruan gaurko iragarritako ekitaldiak:

  • 16:00. Etxeondo Fest Azokaren irekiera, Etxeondo parkean: artisau postuak, desfilea, kontzertua.
  • 16:00. Bola tiraldia, helduentzat. Behar Zana elkarteko Bola Taldearen eskutik, Olaederrako bolatokian.
  • 17:00. Pilota. Frontenisa eta Eskuz BInakako Txapelketa Herrikoia, Behar Zana elkartearen eskutik, Olaederrako pilotalekuan.
  • 17:00. Perkusio emanaldi ibiltaria, Etxeondo parkean. Zo-zongo taldea: Kolpez Blai.
  • 18:00. Perkusio emanaldi ibiltaria, Erreboteko plazatik abiatuta. Zo-zongo tadea: Kolpez Blai.
  • 19:30. Futbito finala, Erreboteko plazan.
  • 19:30. Gontzal Mendibilen kontzertua, Eresargi eta Eresargi Gazte abesbatzekin, Gurea antzokian.
  • 23:00. Danborrada, Iraunkorrak txarangak alaituta, Onddo Gazte Asanbladaren eskutik. Kultur etxetik abiatuko da.
  • 00:00. Dantzaldia, Erreboteko plazan, Gabezin taldearekin.
  • 01:00. Gazte garaiak oroituz, 40 urtetik gorakoentzako DJ emanaldia, Txistulari plazan.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!