Eli Carrasco eta Nekane Aizpun fisioterapeutek osatzen dute Arindu fisioterapia. Makenzie metodoan, gimnasia hipropesiboan, K-stretch metodoan, puntzio lehorrean eta Indiba metodoan formakuntza jasotakoak dira. 2003an zabaldu zuten zentroa Amasa-Villabonako Errota kalean; orduan, fisioterapeuta bakarra zegoen herrian. 20 urteko esperientzia dute jada, eta geroz eta bezero gehiago artatuz joan dira. «Gertutasuna da gure indargunea; tratamendu eta jarraipen pertsonalizatua eskaintzen dugu».
Lehen urteetatik, bakarkako tratamenduak burutzen dituzte, bizkarreko zein gorputz atal desberdinen gaitzek ekar ditzaketen arazoak konpontzeko, hala nola, zerbikalgiak, lunbalgiak, zaintiratuak, artrosia, tendinopatiak eta giharren gainkargak. «Horretarako, mundu mailan ezaguna den Indiba makina erabiltzen dugu. Teknologia berritzaile honek, abantaila handiak ekartzen dizkigu errekuperazio saioetan, prozesu guztiak azkartuz».
Azken inbertsio bat ere egin dute: ekografiarako aparatua. «Makina oso egokia da gorputzeko ehunen egoera ikusi ahal izateko, tratamendu askoz zehatzagoa izan dadin». Oraindik, ordea, formakuntzan murgilduta jarraitzen dutela azaldu dute, «ekografia ondo menperatzeko egin beharreko ibilbidea luzea» delako.
Lanean hasi eta urte batzuetara, bere lan egiteko modua eraldatu egin zuten, eta orain, bakarkako saioez gain, taldekako ariketak ere egiten dituzte. Batetik, gimnasia hipopresiboko ikastaroak ematen hasi ziren talde txikitan. Helburu nagusia zoru pelbikoa eta sabelaldea tonifikatzea da, arnasketaren bidez eta postura zehatzak irakatsiz. «5P metodoaren enbor propiozeptiboa eta TAD metodoaren winner flow txilibitu berezia (arnasketarako) txertatu ditugu. Onura handiak dituen teknika da».
Bestetik, K-stretch metodoa jarri zuten martxan. Hamaka mugikor bat erabiltzen du bezero bakoitzak. Arnasketa du oinarrian eta era guztietako ariketak egiten dituzte, mugimendu leunak eta askotariko posturak uztartuz, mugikortasuna eta malgutasuna hobetuz. «Tentsio handiko giharretan tentsio-maila txikitzea, eta tentsio gutxiko giharrak aktibatzea da helburu nagusia, orekatu ahal izateko. Hamaka horrek erraztasun handiak ematen dizkigu gorputza osotasunean lantzeko. Izan ere, talde berean, malgutasun handia eta txikia duten bezero bana artatu ditzakegu, gorputz bakoitzerako moldagarria delako hamaka».
Aldi berean, amatasunerako prestaketa ikastaroak eta emakume haurdunentzako gimnasia saioak eskaintzen dituzte, talde txikietan. «Lehena, prestaketa teoriko eta fisikoa da, 11 saioz osatutakoa, emakumeei behar duten informazioa ematen diegu, gorputza eta emozioak landuz, Naces metodoan oinarrituta. Gimnasia saioei dagokienez, haurdunaldian zehar gorputza lantzeko ariketa desberdinak praktikatzen ditugu, etapa bakoitzera egokituz, eta gorputza zainduz eta indartuz».
Irailetik aurrera, zerbitzu berri bat jarriko dute martxan: Arte. «Ariketa terapeutikoarekin du zerikusia. Etxean burutzeko ariketa jakin batzuk irakatsiko ditugu, ondoren etxean, bakoitzak bere kabuz praktikatu ditzan material desberdinei esker». Jada zabaldu dute 2022-2023 ikasturterako taldekako ariketetan izena emateko epea.
Oreka aurkitu nahian
Carrascok eta Aizpunek argi dute gaur egun bi bizimodu mota aurki ditzakegula, biak ere «oso nabarmenduak». Batetik, bizitza sedentarioa edo mugimendu gutxikoa aipatu dute. «Gero eta lan gehiago dira ordenagailu edo bestelako aparatu baten aurrean eserita egitekoak; bidaiatu ere eserita egiten dugu. Horrenbeste ordu eserita pasatzen dituenak aukera handiak izaten ditu esfortzu txiki bat egitean, zaintiratu edo haustura bat izateko, ordu luzez gorputza erabat geldirik izan duelako». Bestetik, kirol proba oso gogorrak egiten dituztenak azpimarratu dituzte. «Modan jarri dira eta horietan gainkarga bat izateko arriskua handia da. Tendinitisak edo zuntz hausturak erraz sortu daitezke».
Ondorioz, Arindu fisioterapia eta osteopatia zentroko profesionalen ikuspegitik, beharrezkoa da oreka bat aurkitzea. «Gutxi mugitzen direnei, ariketa suabeekin hasteko aholkatuko genieke, baita bizimoduan mugimendu handiagoa txertatzeko ere. Bestalde, jada kirola egiten dutenei, bere mailako probetan parte hartzen jarraitzera animatzen diegu, gehiegizkoa izan daitekeen karga sartu gabe, edo behintzat, era mailakatuan sartuta».
Azken urteetan herritarrek prebentziorako «geroz eta tendentzia handiagoa» dutela jabetu dira. «Lehen, lesio bat izan ondoren etortzen ziren gugana; orain, berriz, garrantzia ematen diote gorputza zaintzeari, osasuntsu mantentzeko eta berriro minik ez izateko. Hori dela eta, orain herritar ugari etortzen da gugana». Halaber, adierazi dute garrantzitsua dela noizbehinka —urtero— fisioterapeuta batengana joatea, jarraipen bat egin ahal izateko.
ARINDU FISIOTERAPIA
Helbidea. Errota kalea, 7 (Villabona)- Telefono zenbakia. 943 693 113
- Webgunea. Arindufisioterapia.com
- Posta elektronikoa. info@arindufisioterapia.com
- Sare sozialak.
Facebook: Arindu Fisioterapia Osteopatia
Instagram: @arindufisioterapia