Villabonako jaiak 2022

Osasun etxeko eta Santiagoko langileek botako dute suziria

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 21a, 11:59

Santioetako jai batzordearen aitortza jaso ondoren eskertuta azaldu dira osasun arloko langileak; igandeko txupinazoa botatzea «ohorea» izango dela esan dute.

Santiotako jai batzordeak horrela erabakita osasungintzako eta Santiago egoitzako langileek botako dute aurten jaien hasierako txupinazoa. Lehen lerrotik pandemiari aurre egin dioten gizon eta emakume guztiek egindako lana aitortu eta txalotu nahi dute jaiei hasiera ematearekin batera. Villabonako Osasun etxeko langileek «pozik eta harrotasunez» jaso dute aitortza: «Pandemian pasa ditugun bi urte eta erdiren ondoren jendearen errekonozimendua jasotzea oso garrantzitsua da guretzat, lanean jarraitzeko gogoa ematen digu eta komunitatearen parte sentiarazten gaitu», esan du Pablo Daza Osasun etxeko mediku arduradunak.

Administrari, erizain, laguntzaile eta mediku guztiak kontuan hartuta, 36 lagun aritzen dira lanean Osasun etxean. Denak ez dira igandean oholtza gainera igoko, Villabona bertakoak edo bailarakoak direnek izango dute horretarako lehentasuna. Lurdes Irazuk eta Edurne Galarragak izango dute, txupinazoaren aurreko pregoia irakurtzeko ardura. «Gugan pentsatu izana eskertuko dugu, guretzat ohore izugarria baita suziria botatzea. Ez genuen batere espero. Festa batzordean askotariko jendea biltzen da, pentsaera diferentea duena, eta gurekin gogoratzeak ilusio berezia egin digu», esan du Irazuk. Ia 30 urte daramatza Osasun etxean lanean.

Pregoia motza izango dela iragarri dute osasun langileek, «jendea beste ezertarako baino gehiago festarako egoten baita une horretan». Behin hitz horiek esanda Santiago egoitzako langileek piztuko dute jaien hasierako suziria. Xabier Garmendia zentroko psikologo-terapeutak oinarrizko langileengan jarri du arreta eta haien lana aitortzeaz aritu da: «Hemen urteko 365 egunetan eta 24 ordutan egiten da lan, etenik gabe. Pandemia garaia egoitzako langileek sufritu dute gehien. Euren osasuna arriskuan jarri dute, lan txandak bikoiztu eta hirukoiztu egin dituzte, eta hamabi egunetan segidan ere egin izan dute lan. Merezi dute bai txupinazoa botatzea».

Osasun etxeko langileek ere aitortzen dute pandemiaren garaia ez dela erraza izan. «Egoera berria zen guretzako eta asmoa ona izan arren, ez dugu beti asmatu. Normala da populazioaren zati batek pentsatzea gauzak gaizki egin ditugula, baina beste zati handi batek gauzak ongi egin ditugula esateak poz handia ematen digu», esan du Dazak. Taldean duten giroa azpimarratu du Osasun etxeko arduradunak: «Langileetako batzuk erretiroa hartu ondoren berriak sartu direnean, berehala ulertu dute lehen arretaren garrantzia eta lan egiteko hemen dagoen filosofia».

Osasun arloko langileek pazienteekin duten gertutasuna eta zuzeneko harremanari garrantzia handia ematen diote. «Egoerak ez dira beti errazak izaten baina erreminta hori erabiltzen jakinez gero, etekin handia atera ahal diogu gure lanari. Oso polita da hori». Herritarren osasuna zaintzeaz arduratzen diren herritarrek emandako guztiaren zatitxo txiki bat jasoko dute bueltan datorren igandean. Erreboteko plazan izango da hitzordua, 12:00etan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!