Kiroldegiko teilatua eraberrituko dute

Ataria 2022ko uztailaren 20a

Olaederra kiroldegiko teilatua guztiz eraberrituko dute eta 503.192 euro bideratuko dituzte lan horiek egitera.

Amasa-Villabonako Hirigintza Batzordean aho batez onartu zuten pasa den ekainaren 21ean Olaederra kiroldegiko teilatua eraberritzeko proiektua. Gaurko teilatuak dituen hiruki formak eta metakrilatozko xaflek arazo ugari sortzen dituzte –pitzadurak, itoginak, negutegi efektuagatik tenperatura altuak, haizearekin xaflak altxa eta lurrera erortzeko arriskua, eta abar–, "horregatik mantenu lan handia behar izaten da, kostu ekonomiko altuarekin", esan du udalak.

Arazoari irtenbidea emateko udal gobernu taldeak teilatua guztiz eraberritzeko proiektua abiarazi du eta egungo teilatua guztiz ezabatuko dutela eta estalki berria eraikiko dutela esan du. Estalki berriak argia sartzeko 36 argizulo eta isolamendu termiko berezia izango ditu, uneoro kantxan tenperatura leunak egon daitezen. Gainera teilatu berriak etorkizunean eguzki energia lortzeko plaka fotovoltaikoak jartzea ahalbidetuko du. Proiektua DPO ingeniaritza enpresak osatu du, eta obraren esleipen prozesua martxan dago (abuztuaren 17ra bitartean). Obra osoa 503.192,61 euroan atera da esleipenera. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalakuntzen berrikuntzarako ezarritako diru laguntza lerroan aurkeztuko du proiektua, eta diru laguntza garrantzitsua lortzea espero duela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!