Bi ibilbiderekin hasiko du bidea Trikuharri Mendi Lasterketak

Imanol Garcia Landa 2022ko uzt. 20a, 11:59

Belabietako gailurretik pasako dira bi iblbideak. IÑIGO GARCIA

Villabonako Triatloi Taldekoek antolatu dute, eta larunbat goizean izango da, Errebote plazatik abiatuta; ibilbide motzak 18 kilometro ditu eta luzeak 28 kilometro.

Villabonako Triatloi Taldeko kide batzuk antolatu dute I. Trikuharri Mendi Lasterketa. Horietako bat da Hassan Ait Chaou mendi lasterkaria, eta horrelako proba bat antolatzearen arrazoia azaldu du: «Orain dela urte batzuk pentsatu genuen zerbait antolatzea, arrakasta handia baitute horrelako lasterketek, baino gero pandemia etorri zen, eta ezin izan genuen lehenago gauzatu. Aurten, ikusi genuen egoera buelta ematen ari zela eta antolatzea pentsatu genuen».

Larunbat honetan egingo da proba, herriko Santio festak hasi bezperan. «Uste dugu data ona dela, hurrengo egunean hasten direlako Villabonako festak», esan du Ait Chaouk. «Ea egun ona ateratzen den eta dena ondo doan». Eguraldi iragarpenek ez dute ematen pasa den asteburuan egindako beroa, eta, alde horretatik, egunean bertan egiteko aukera izango dela aurreikusten dute.

Hasiera batean hiru ibilbide jarri nahi zituzten antolatzaileek. «Gure helburua ahal den parte hartzaile gehien izatea da, denek aukera izatea», esan du Ait Chaouk. Azkenean bi ibilbide izango dira, 18 eta 28 kilometrokoak. 10 kilometroko bat ere prestatuta zuten, baina parte hartzaile kopuruaren inguruan eragozpenak jaso zituzten Gipuzkoako Foru Aldunditik. «800 parte hartzailerentzat aukera eskaini nahi genuen hasiera batean», esan du Iñigo Garcia antolakuntzako kideak, «baina azken urteetan irizpide berri bat sartu da eta horren arabera gehienezko kopurua 350 partaiderena da. Azken momentuan 500 pertsonarentzat utzi digute, baina hasieran beste aukerarik ez genuenez, ibilbide motza aurtengorako kendu egin behar izan dugu».

Hori horrela, proba bakoitzerako 200 dortsal zehaztu zituzten, eta ikusirik proba motzean jende gehiagok eman duela izena, parte hartze kopurua zabaldu egin dute proba horretarako. Astelehen arratsalderako 320 lasterkarik eman zuten izena bi proben artean. Bihar da azken eguna izena emateko, 20:00ak arte, eta Kronoak.com webgunean sartuta egin daiteke.

INGURUKO GAILURRETATIK

Amasa-Villabona inguruko gailurretatik ariko dira korrika parte hartzaileak. Ait Chaou bera eta Alberto Medrano izan dira ibilbideak diseinatu dituztenak. Ibilbide motza egingo dutenak kanaletako bidetik joango dira, gero Belabietatik igaro eta Loatzo pasa ondoren Villabonara jaisteko. 916 metroko malda positiboa du.

Ibilbide luzea ere kanaletako bidetik hasiko da. «Hortik aurrera, guretzako xarma berezia duten mendi batzuk sartu ditugu, ez direnak hain ezagunak: Kiriki, Muñotsa eta Arnabar. Gero Belabieta, Uzturre eta Loatzotik egingo dute bidea», azaldu du Ait Chaouk. 1.358 metroko malda positiboa izango du ibilbide luzeak.

Errebote plazatik abiatuko dira bi probak eta bertan bukatuko dira. 28 kilometrokoa 08:30ean hasiko da eta 09:00etan 18 kilometrokoa. Luzea osatzeko denbora muga sei ordukoa jarri dute, eta lau ordukoa motzarentzat. «Herri lasterketa bat izanik, dezenteko tartea eman nahi genion parte hartzaileei», esan dute antolatzaileek.

Bazkaltzeko aukera ere jarri dute. Parte hartu nahi duenak, izena ematerakoan bazkaltzera geratuko dela adierazi beharko du horretarako dagoen laukitxoa aukeratuz. Bestalde, egunean bertan txartel batzuk jarriko dituzte salgai bost euroan, lasterkariei laguntzen etorri eta bazkaltzera geratzeko asmoa izanez gero. Bazkaria Irrintzi elkartekoek prestatuko dute eta Ikastolaren Txermin eraikinaren eremuan egingo da. Bestalde, ehun boluntario inguru ariko dira laguntzen, eta antolakuntza taldekoek biziki eskertu dute herritarren prestutasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!