Osasun publikoa indartzeko eskaera

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 20a, 19:59

Gai beraren inguruko bi mozio onartu dituzte uztaileko osoko bilkuran; EAJk aurkeztutakoa aho batez, eta EH Bilduk aurkeztutakoa, EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Amasa-Villabonako Udalak Osasun sailari eskatu dio, osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak bermatu ditzala, baita uda sasoian ere. Horrekin batera, Osakidetzako profesionalen belaunaldi aldaketari erantzun ahal izateko, prestakuntza eskaintza guztia bermatu dezala eskatu dio, eta behin aldi hori igarota, sistema indartzen jarraitzeko beharrezkoa diren langile guztiei lan kontratu bat eskain diezaiela, kalitatezko enpleguaren aldeko parametroen barruan. 

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako mozioaren alde egin du udalbatza osoak eta aurreko eskakizunei beste bat gehitu diote udal ordezkariek: Osakidetzako plantilla berritzeko, egonkortzeko, eta beharrezkoa bada, hura handitzeko politikarekin jarraitzeko. Lan deialdi publikoen prozesuekin amaitu dadin nahi dute, plantillen jarraikortasuna eta egonkortasuna bermatu, behin-behinekotasuna murriztu eta enplegu egonkor eta kalitatezkoa lortzeko konpromisoan aurrera egiteko. «Lehen mailako arretako estrategian aurreikusitako profil profesional berriak inplementatzen jarraitzeko eskatzen dugu, osasunaren zaintza integrala hobetzeko».

EH Bilduk ere, anbulatorioen itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzeko mozioa aurkeztu du osoko bilkuran. Udalbatzak onartu egin du bigarren testu hau ere, EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin. «Eskaerekin bat etorri gaitezke baina ez dugu mozioaren erredakzioa konpartitzen», esan du Patxi Agirre zinegotzi jeltzaleak.

Koalizioa abertzalearen izenean Xabat Labordek esan du, osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia pandemiaren aurretikoa dela eta geroz eta atzerapauso nabarmenagoak antzematen direla sistema publikoan.

Udal gobernuak gertutik jarraitzen du eskualdeko, bailarako eta herriko osasun arreta. EH Bilduk mozioan dio, Villabonako Osasun etxearen egoera ez dela egokiena. «Hainbat lanpostu dagokion langileekin hornitu gabe daude eta ondorioz langile faltarekin aurkitzen dira. Aiztondoko eta Amasa-Villabonako herritarrek jasotzen duten osasun arreta, beraz, ez da izan beharko lukeena».

Honenbestez, EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin, Amasa-Villabonako Udalak, besteak beste, mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu eta osasun profesionalen kopurua handitu dezala eskatu dio Osasun Sailari.

Melillari buruzko adierazpena

EAJ udal taldeak joan den ekainaren 24an Espainiako hegoaldeko mugan, Melillara iristen saiatzen ari zirela hildako 37 migratzaileen inguruko adierazpena aurkeztu du osoko bilkuran. "GKEen arabera 37 izan ziren hildakoak, baina guk esango genuke erailak izan zirela. Beroan egindako itzulketak giza eskubideen urraketa larriak dira", esan du Patxi Agirre zinegotziak.

Jeltzaleek aurkeztutako adierazpena bere egin du udalbatza osoak, eta honenbestez, Amasa-Villabonako Udalak "irmoki" gaitzetsi eta salatu ditu Melillako gertaerak. Saharaz azpiko pertsona hauen familiekiko elkartasuna ere adierazi du. Udalak erabat arbuiatu ditu egungo migrazio politikak, eta beraz, bide seguruak ezartzea eskatu du, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideen errespetua bermatzeko. Uste du Europak lankidetzan jardun behar duela migrazio politika koherente eta bateratu bat adosteko, baita humanismoan eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako asilo eta babes politika bat ezartzeko, migratzaileen joan etorri legal, ordenatu eta seguru bat lortu ahal izateko.

Gertaeren inguruko ikerketa independentea ere eskatu du eta nabarmendu du pertsonen trafikoa eta salerosketa sustatzen duten erakunde kriminalen aurkako borrokak izan behar duela lehentasuna. Udalaren ustez, mugetara iristen diren migratzaileen kudeaketa, "bateratua, arduratsua eta solidarioa" izan behar du Europar Batasunako kideen artean, eta ez du tokirik kide batzuek gaur egun azaltzen duten "axolagabetasunak eta pasibotasunak".

EH Bildu ere bat agertu da jeltzaleek egindako irakurketarekin eta Labordek gaineratu du gerrateak eta goseteak ez direla kasualitatea, prozesu historiko batzuen emaitza baizik. "Bizitza jasanezina delako egiten dute ihes". Koalizio abertzaleko bozeramalea oso kritiko agertu da Espainiako estatuak Melillan gertatutakoaren aurrean agertutako jarrerarekin, "humanitate eta sentsibilitate falta ikaragarria erakutsi dute eta Marokok eragindako sarraskia ontzat eman dute". PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijak ere bat egin du adierazpenarekin eta "erokeriatzat" jo du Marokon gertatu berri dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!