Kontsumo bonuen kanpaina berria jarriko dute martxan irailean

Ataria 2022ko uztailaren 19a

Komertzio bakoitzean eskuratu ahal izango dira kontsumo bonuak irailaren 14tik abenduaren 3ra bitartean eta data horien barruan erabili beharko dira; parte hartu nahi duten establezimenduek uztailaren 20tik abuztuaren 1era eman beharko dute izena.

Amasa-Villabonako Udalak, Oria merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonuen laugarren kanpaina jarriko du abian irailaren 14tik abenduaren 3ra. Horrela, tokiko merkataritzan erosketak sustatu nahi dituzte, sektorea biziberritu eta, bide batez, herriko kaleak bizirik mantendu. Udalak, guztira, 54.000 euroko inbertsioa egingo du bonuen kanpaina berri honetan.

Establezimenduek izen emateko

Kontsumo bonuen laugarren kanpaina berri honetan parte hartu nahi duten establezimenduek uztailaren 20tik abuztuaren 1era izena eman beharko dute udalaren webgunean jarriko den formularioa betez.

Saltokietan bertan erosi beharko dira bonuak irailaren 14tik aurrera. Establezimendu bakoitzak bere bonu propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin identifikatuta egongo dira, beraz, erositako establezimendu horretan bakarrik erabili ahalko dira.

Udalak erosketa bonu bakoitza %33,3an diruz lagunduko du. Bonu guztiek 10 euroko balioa izango dute:

  • 20 euro jarri, eta jaso 3 bonu (30 euro)
  • 40 euro jarri, eta jaso 6 bonu (60 euro)
  • 60 euro jarri, eta jaso 9 bonu (90 euro)

Kontsumo bonuak 2022ko irailaren 14tik abenduaren 3ra bitartean (biak barne), edo komertzio bakoitzean agortu arte, eskuratu ahal izango dira. Horien erabilera ere data berdinean egin beharko da, irailaren 14tik abenduaren 3ra.

Udalak herriko denda eta saltokietan kontsumitzeko deia egiten die herritarrei, herria bizirik mantentzeko ezinbestekoa baita tokiko merkataritza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!