Gazteen ahotan entzun da euskara gehien Villabonako kaleetan

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 14a, 11:59

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren neurketa egin du herriko kaleetan eta euskaraz jardun dute behatutakoen %51,5ak; aurkezpena egin dute Subijana etxean

Villabonako kaleetan entzuten diren hizkuntzen neurketa egin du Soziolinguistika Klusterrak 2021eko udazkenean. Iraila bukaera eta urria hasieran, besteak beste, Kale Nagusian, Erreboteko plazan, Berdura plazan, kiroldegian, Errotan, Larrean, Oriamendin, Kale Berrian, Malkar plazan, Txistularien plazan, Txerminen edota ikastetxe inguruetan entzun ziren elkarrizketak behatu zituzten. 1.423 elkarrizketa izan ziren guztira eta 4.272 solaskidek jardun zuten elkarrizketa horietan. Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak eman du neurketaren emaitzen berri. Euskaraz jardun zuten behatutakoen %51,5ak eta gaztelaniaz %43,8ak. Duela bost urteko neurketarekin alderatuta sei puntutan egin du gora euskararen kale erabilerak, baina 20 urte atzera eginez gero, ia bere horretan mantendu da datua. Bi hamarrekotan baino ez du gora egin, 2001eko %51,3tik 2021eko %51,5era.

Euskal Herriko beste hainbat herritan Sozilinguistika Klusterrak egin dituen neurketekin alderatuta Amasa-Villabonakoak baditu berezitasunak. Urangak esanguratsutzat jo ditu, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, baizik eta beste hizkuntza batzuetan Villabonako kaleetan entzun diren elkarrizketak. Neurtutakoen %4,6 izan dira. «Herriaren izaeraz eta soziologiaz zerbait adierazten dute datu horiek», esan du teknikariak.

Datuak interpretatzeko lagungarri izango delakoan, testuingurutzeaz hitz egin du Urangak. «Bere hotzean hizkuntza erabileraren kale neurketak ez digu ezer adieraziko beste hainbat aldagaiekin gurutzatzen ez badugu. Hizkuntza gaitasuna edo euskara lehen hizkuntza bezala dutenen kopuruari begiratu behar zaio gero kale erabilera ulertu ahal izateko». 2016an euskara lehen hizkuntza bezala zuten amasar eta billabonatarren %48,5ak; 1991etik 12 puntuko jaitsiera egon da datuan eta hori ez da «huskeria» Urangaren hitzetan.

Etxeko hizkuntza nagusia euskara dutenen kopurua ia mantendu egin da Amasa-Villabonan azken 30 urteetan, %42 ingurukoa da. Euskararen kale erabilera, ordea, handiagoa da etxeko erabilera baino. «Euskal Herriko beste hainbat udalerritan ere sumatu dugu joera hori. Zonalde euskaldunenetan etxeko erabilera baino altuagoa da kalekoa», aipatu du Soziolinguistika Klusterreko kideak.

HAUR ETA GAZTEAK SENDO

Adinaren arabera ere neurtu dute hizkuntzen erabilera Amasa-Villabonako kaleetan. Hemen ere ohikoa ez den joera bat ikusi dute, umeek baino (%67,5) are gehiago erabiltzen dute 15 eta 24 urte arteko gazteek euskara kalean (%72,1). «Oso datu garrantzitsua iruditzen zaigu, Amasa-Villabonako gazteek komunikatzeko nagusiki euskara erabiltzen duela esan nahi du horrek».

Datuen irakurketan pauso bat harago eman du Urangak eta adin taldeek, beren adinkideekin zein hizkuntza erabiltzen duten jarri du mahai gainean: «Emaitzek erakusten dute haurrek haurrekin gehiago hitz egiten dutela euskaraz beste adinetakoekin baino; eta gazteen kasuan ere berdina gertatzen da. Ez dute euskara besteen eraginpean egiten, haiei horrela sortzen zaielako baizik. Joera interesgarria da oso eta aurrera begira gertutik jarraitu beharrekoa».

Alderantziz, haurrak presente ez dauden elkarrizketetan, batez ere helduek eta adinekoek gaztelaniarako joera handiagoa dutela erakusten dute kale erabileraren neurketaren emaitzek. Beste herrietan ere nabaria den joera dela aipatu du Urangak. Nagusien artean aritzen direnean elkarrizketen %45,2 izaten dira, soilik, euskaraz eta haurrak tarteko badira ia 15 puntutan egiten du gora datu horrek. Elkarrizketa horietan haurra hizketan ari bada, hiztunen %73,6 aritzen da euskaraz, eta aitzitik, haurra entzule soila bada, eta nagusia bada hizketan ari dena, ozta-ozta dira elkarrizketen erdiak euskaraz.

Argi-ilunak dituzten datuak izan arren, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak indarguneei begiratu eta Amasa-Villabonan haur eta gazteek euskararekiko duten joerari arretaz begiratzeko gomendioa luzatu die, hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak ezagutzera emateko ekitaldira hurbildutako herritarrei.

GAKOAK

  • Euskaraz %51,5. 2016-2021 neurraldien artean 6 puntu gora egin du euskararen kale erabilerak. Aurreko bost urteko beherakadari itzulia eman zaio.
  • Euskara eta gaztelaniaz besteko hizkuntzak. 2001eko datuekin alderatuta gaztelaniaz jende gutxiagok hitz egiten du. Espazio hori beste hizkuntza batzuk okupatu dute. Kalean behatutako solasaldien %4,6 beste hizkuntza batean eman dira.
  • Gazteak, euskaraz. Euskal Herriko beste hainbat udalerritan egin diren neurketetan ez bezala, gazteen erabilera haurrena baino altuagoa da.
  • Adinkideak elkarrekin euskaraz. Haurrek eta gazteek gehiago hitz egiten dute euskaraz euren artean daudenean, adin desberdinetako jendearekin daudenean baino.
  • Haurren presentziaren eragina. Helduek eta nagusiek elkarrekin daudenean ez dute haurrak presente daudenean bezainbeste hitz egiten euskaraz.
  • Etxean baino gehiago erabiltzen da kalean. Azken 30 urteetan %42aren bueltan egon da euskararen erabilera aitortua etxean. Kale erabilera etxekoa baino altuagoa da Amasa-Villabonan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!