Txirrindulariek lau kilometroko ibilbidea egingo dute, batez besteko pendiza %10ekoa du, eta azken kilometroa da gogorrena.
Erlojupekoa izango da proba, eta, beraz, txirrindulariak banaka aterako dira, bi minutuko tartearekin batetik bestera. Denbora onena egiten duenak irabaziko du proba. 16:00etan hasiko da lehen txirrindularia. Bi sari nagusi izango dira: lehenengo emakumezkoa eta lehenengo gizonezkoa. «Aurten, berritasun modura, beste sari bat jarriko dugu», esan du Aranzabek. «Amasako plazan denbora onena markatzen duenak ere saria izango du. Beste motibazio bat izango da, eta norbaitek estrategia bezala izan dezake Amasako sari hori jasotzea, jakinik proba bera irabaztea zaila izango duela».
Iaz guztira 20 txirrindularik parte hartu zuten, batez ere bailarakoek, eta aurten dagoeneko kopuru horretara iritsi dira. Parte hartu nahi duenak egunean bertan eman dezake izena, eta aurretik egin dezake Kirolprobak.com webgunean. Erabiliko den bizikleta motorduna ezin dela izan zehaztu dute.
Bero handia izatea espero da larunbaterako, eta antolatzaileak kezkatuta daude txirrindulariek izango dituzten baldintzengatik. Horregatik «ondo hidratatzea» garrantzitsua izango dela azaldu du Aranzabek.