ELKARRIZKETA

«Landareekin lan egitea papergintzan dagoen gauza ederrena da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 16a, 07:57
Asturiasko La Pedrera parrokian du lantegia Barbek. ATARIA

Paperaren ingeniari modura deskribatzen du bere burua Juan Barbek (Amasa-Villabona, 1951), eskuz sortzen baitu papera, metodo tradizionalak erabiliz. Mundu osoko museo eta bildumetan aurkitu daitezke bere lanak, margolari handienen lanetarako paperak egin dituelako. «Lan honen gauza zoragarriena begetalak ikertzea da, landare bakoitzarekin, ezaugarri desberdineko paperak egiten direlako», esan du.

Villabonan jaioa, urteak daramatza Asturiasen lanean; landareetatik abiatuta papera egiten duen Europako ekoizle bakarra da. Izugarri maite du bere ogibidea, eta ez du erretiroa hartzeko asmorik.

Non egin zenituen ikasketak eta non hasi zinen lehen aldiz paperarekin lanean?

Tolosako paper eskolan ikasi nuen eta gero Kataluniara joan nintzen lanera. Handik Hernaniko Zikuñaga paper fabrikara lekualdatu nintzen; bereziki jaiegunetan bakarrik egiten nuen lan orduan, eta beraz, astia izaten nuen bestelako gauzak egiteko. Paper fabrikan, ordea, ez nengoen gustura, eta argi nuen beste zerbait egin nahi nuela.

Ordurako begiz jota nituen eskuz egindako paperak; oso eskasak ziren, baina aldi berean, oso preziatuak. «Nola da posible hain gaizki egindako zerbait horren ondo saltzea?», pentsatzen nuen nik. Hortaz, erronka berri bati heldu nion; papera eskuz egiten hasi nintzen, beste modu batera eta emaitza hobea lortzeko helburuarekin. Eskolako ikasketekin bakarrik artisau papera egitea ezinezkoa da; kimikari eta makinei lotutako ikasgai ugari genituen eskolan, industriara bideratutako ikasketa zen, alegia. Artisau papera egiten hasi nintzenean, ordea, ez nekien zer eta nola egin, inon ez nuelako formakuntza jaso.



Hala, Capelladesko (Bartzelona) Paper Museora joan nintzen, ideia batzuk biltzeko asmotan. Azkenean, aurreko urteetan nire lankide izan zen batekin hasi nintzen papera eskuz egiten. Lehen bizpahiru urteetan, zenbait aldiz hanka sartu genuen, baina ekinaren ekinez, behintzat papera lehortzeko sistema batzuk ikasi genituen. Hasieran, papera aire zabalean lehortzen hasi ginen, baina gerora ohartu ginen sekulako astakeria zela; beranduago, labeak erabiltzen hasi ginen, eta azkenik, hezetasun-kengailuak erabili genitzakeela konturatu ginen.

1983an, Eskulan izeneko lantegia ireki zenuen. Beranduago, Paperlan eta Papyriphera heldu ziren.

Eskulan papera egiteko lantegia da, funtsean, artisau papera sortzera bideratua. Hasiera hartan, gainera, ikastaroak eskaintzeko eskaerak jaso nituen, etxean papera egin nahi zuten horiei erraztasunak emateko.

Horrekin batera, artisau papera egiteko beharrezkoa den materiala erosteko aukera eskaintzen hasi nintzen: Paperlan. Papergintzaren alorrean bada industria osagarri erraldoi bat, papera egin ahal izateko lantegietara produktuak bidaltzen dituena, ez baitago bitartekorik. Produktuak tonaka ekoitzi eta tonaka saltzen dituzte; ezinezkoa da kiloka erostea. Lantegi txikiak ditugunoi mesede handia egiten digute, aukera izaten baitugu txikizkako salmentarako.

Azkenik, Papyriphera etorri zen, Gijonen ireki genuen denda. Hiruzpalau urtez egon zen zabalik. Orain, online bakarrik funtzionatzen du, nahikoa aktibo gainera. Bertan, paper mota desberdinak eta paperarekin egindako materialak (koadernoak, bildumak edo liburuak) erosteko aukera dago.

2017an, gainera, liburu bat argitaratu zenuen.



Urteak dira landareen zuntzak erabiliz papera egiten hasi nintzela, hala nola, kotoi-landarearena, lihoarena, espartzuarena, pitarena edo kalamuarena. Inguruan nituen landareak hartuz eta horiek erabiliz hasi nintzen lanean. Behin eta berriz saiatzearen eta frogatzearen ondorioz, 20-25 urte artisau papera egiten neramatzala, informazio andana nuela jabetu nintzen, ohartxoetan sailkatuta. Hala ere, ez nekien zer egin horiekin. Azkenean, liburu bat egin nuen, 102 landaretatik abiatuta papera nola egin azaltzeko.

Landare exotikoak erabiltzen dituzu, kolore eta testura desberdinetako paperak lortzeko. Nondik ekartzen dituzu?

Landare ugari erabiltzen ditut lanerako, ahal denean, bildutakoak. Uzta biltzen hasi beharko banu, garestiagoa eta neketsuagoa izango litzake. Oso noizbehinka joaten naiz lan hori egitera, batez ere, koltza biltzera, papera egiteko landare bikaina delako. Baina ia beti erosi egiten dut bilduta dagoen lehengaia.

Ekialdean, bi mila urte daramatzate apartekoak diren landareekin lanean, zuriak edo oso argiak diren paperak lortzen dituztelako, eta gainera, dizdira berezia dute; horiek Nepaletik, Txinatik eta Japoniatik ekartzen ditut. Bestela, zuntz oso onak dituzten landareak Ekuadorretik eta Filipinasetik ekartzen ditut, baita inguruko eremuetatik ere: espartzua Murtziatik, kalamua Alacantetik eta lihoa Frantziatik,

Prozesatutako zuntzak ere erabiltzen dituzu. Zein da desberdintasuna? Hobeak dira landareenak?

Prozesatutako zuntzetatik sortutako paperak zuriak dira, eta oso onak, gainera. Koloreagatik antzekoak izan arren, ondo begiratuz gero, ez dira berdinak, landare bakoitzaren zuntzek bere ezaugarriak dituztelako; nolabait esateko, guztiek dute izena eta abizena. Hala ere, prozesatu gabeko zuntzetatik sortutako paperen sorta bat lortzen duzunean, erabat desberdina da; politagoak dira.



Zein da papera sortzeko prozesua?

Landare guztiekin lan egiteko modu komun bat dago. Lehenik eta behin, landareak egosi behar dira; guztiek ez dute denbora bera behar. Oso zaila da bi ordu baino gutxiagoan egosten den landare bat topatzea; gramineo batzuek, akaso, ordubete behar izaten dute, banbuek, ordea, sei edo zazpi ordu. Lehen aipatutako landare asiarrak oso onak dira, denbora gutxiago behar dutelako egosteko.

Egosteko, lehengaien kilo bakoitzeko, hamabost litro ur (%20ko sodarekin) erabili behar dira. Gero, lehortzen utzi behar da, benetako pisua zein den jakin ahal izateko. Jarraian, ondo garbitu behar da dena, soda arrastoak kentzeko; isurtzen dituzten lignina partikulak ere kendu behar zaizkie, papera egitea eragozten dutelako. Papera egiteko ez da beharrezkoa landarea osorik erabiltzea, eta nik zuntz kantitate handiena duten zatiak hartzen ditut.

Ondoren, zati horiek zati txikiagoetan mozten ditut; batzuetan, aipatutako zatiak oso hauskorrak izaten dira, eta eskuekin ere erraz txikitu daitezke. Azkenik, egosteko erabilitako urarekin irabiatzen ditut, zuntz solteak edo papera egiteko pasta lortzeko. Zuntz soltea erostea bezala litzake, baina zer du honek bereizgarria? Gauza asko: kolorea, distira…

Norentzat sortzen duzu papera?

Gehienbat, sormenarekin zerikusia duten artistentzat besteak beste, Eduardo Txillida, Jose Luis Zumeta, Manolo Valdes edo Koldobika Jauregirentzat. Nire bezero gehienak irarlanak egiten dituztenak, tipografoak, serigrafien egileak, akuarelarekin lan egiten dutenak edo bere lanetarako kalitate handiko papera behar dutenak dira. Liburuen azalak egiteko edo dokumentuak berriztatzeko ere egiten dut papera, eta badira edukitze hutsagatik erosten dutenak ere.

2008ko krisi ekonomikoa heldu aurretik, paper zuria egiten genuen batez ere, bezero gehienek euskarri modura erabiltzeko papera eskatzen zutelako. 20-25 urte iraun zuen eskari horrek, gaur egun ia inork ez duelako irarlana egiten. Orain, gero eta gehiago dira landareetatik abiatutako papera egin nahi dutela diotenak, ez dagoelako parekorik. Kolore berezia dute paper horiek, ez baitira zuriak. Artisau papera egitea paper zuria egitea baino dibertigarriagoa da.



Prozesu industrial bat ez denez, zein zailtasun ditu?

Ez du azalpen handirik behar; artisau lana da, eskuz egina. Hori bai, ditudan baliabideak ezinbestekoak dira; dudan makina berriena XVII. mendean asmatutakoa da.

Ez da erraza izango, ordea, jendearengana heltzea.

Konplexua da bai. Lehen artisau azokak ziren horretarako bide errazena; orain ia ez da horrelakorik egiten, eta egiten bada, ez du helburua betetzen.

Landareetatik abiatuta papera egiten duen Europako ekoizle bakarra zara. Zer esan nahi du horrek?

Ez dakit ziur hala den, baina uste dut kontinentean ez dagoela beste inor horrenbeste landare desberdinekin lan egiten duenik.



Lanbidea galtzear dago, beraz?

Badira oraindik galtzear zeudela ziruditen baina indarrean jarraitzen duten lanbideak, esaterako, eskuz labanak egiten dituzten artisauak. Artisauon lanbideek bezeria mugatua dute, baina aldi berean, bezero horiek finkoak dira, eta leialak; artisauok eskatzen duguna ordaintzeko prest daude. Lehen ez zitzaion baliorik ematen artisauen lanari, baina Europako herrialde batzuetan, Alemanian eta Frantzian adibidez, aintzat hartzen hasi ziren, eta beraz, badirudi pixka bat indar hori berreskuratzen ari direla.

Landareekin lan egitea papergintzan dagoen gauza ederrena da. Emaitzak paregabeak dira, eta landare batekin lanean hasten naizen bakoitzean, ez dakit zein motatako papera lortuko dudan. Oso interesgarria da.

Hain garrantzitsua al da papera zuretzat?

Papera historikoki kulturaren ibilgailu bat izan da. Gaur egun, paperaz gain, familia eta bizikleta besterik ez ditut. Lanerako joan-etorria txirringan egiten dut, baina bestela, lantegian egoten naiz. Egun osoa igarotzen dut papera egiten edo paperarekin lanean.

Zure lana apartekoa eta berezia denean, badu zentzurik erretiratzeak?

Ez. Nik jardunean jarraitzen dut. «Hau utziz gero, zer egingo dut?», galdetzen dut askotan. Lanbide honi esker, lagun handiak egin ditut, eta gainera, gozatu egiten dut papera egiten. Helduko da momentua, ziur nago, baina bitartean iraun dezala ilusioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!