25 edizio arrakastaren aparretan

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 13a, 19:59

Bihar, 18:00etan zabalduko ditu ateak Irrintzi elkarteak antolatzen duen Garagardo Azokak; Txermin auzoan ikastolak duen egoitzaren azpialdean igandera arte jan-edanak banatuko dituzte.

Zifratan neurtu daiteke ekitaldi baten arrakasta. Villabonako Irrintzi elkarteak antolatzen duen azokak hartu duen tamaina erakusten duten datuak dira, bataz beste saltzen dituzten 8.000 garagardo litroak edota 2.300 ukondoak. Baina Agustin Laskurain Irrintzi elkarteko kide eta azokaren antolatzailearen esanetan, zenbakiek erakusten dutena baino gehiago da azoka: «Festa bat da, herrian urtero dugun hitzordu garrantzitsu bat».

Bi urteko etenaren ondoren ohiko formatura itzuliko da Garagardo Azoka eta antolatzaileek festarako gogoz sumatzen dute jendea. Arrakastaren formula topatuta, aldaketa handirik gabe ekingo diote aurtengoari eta bertaratuko den jendearen beharrei erantzuten saiatuko dira Irrintzikoak, horregatik, 2019ko prezio berdinean salduko dituzte garagardoak. «Gauzak nola dauden ikusita, hornitzaileekin borroka handia egin behar izan dugu aurten. Etekin ekonomikoa lortzeko antolatzen dugu azoka, baina ez horretarako bakarrik. Ez dugu irabaziekin itsutu nahi eta nahiago dugu gutxiago irabazi, baina jende gustura utzi», esan du Laskurainek. Garagardo guztiak, arruntak eta bereziak, 3,60 euroan salduko dituzte. Edalontzia, edo pittarra, 2 euroan eskuratu ahal izango da.

24 garagardo ezberdin dastatu ahal izango dira gaur hasi eta igandera bitartean. Aurten lehenengo aldiz ekarri dituzten garagardoetan jarri du azpimarra Laskurainek. Spaten, Leffe, El Aguila filtratu gabekoa, Stella Artois, Alhambra sin, Franziskaner, Bilboko La Salveren Lucia dira lehen aldiz azokan izango diren garagardoak. Glutenik gabeko garagardoa ere izango da aukeran, botilan, zeliakoentzat. Garagardo hau 3 euroan salduko dute. «Jendeak gorria oso gustuko izaten du eta horrelakoak edateko joera handia dago. Gorria gustatzen ez zaionak horia hartuko du baino beti ere gorputz pixka bat duen garagardoa hautatuko du».

Edanarekin batera, Garagardo Azokaren beste bereizgarrietako bat afaritarako ematen dituzten otorduak izaten dira. Aukeran izango dira aurten, saltxitxak, haragi pastela, gulak, errusiar entsalada, muskuiluak tomatearekin, entsalada alemaniarra, patatak Navarrito erara eta langostinoak baratxurian; postrerako pastak eta gazta egongo da. Jaki guztien artean «izarra» ukondoa dela nabarmendu du Laskurainek. «Goizetik ukondoak gurinarekin ondo igurtzi eta labean jartzen ditugu pixkanaka egin daitezen. Zerbitzatu aurretik, ordu erdi lehenago berotu bat ematen diegu, bere puntuan zerbitzatu ahal izateko».

Egoten dira ukondoa etxean edo elkarteren batean lagunekin jateko eramaten duenik, askotan leporaino beteta egoten baita ikastolaren azpialdean atontzen duten jantokia. «Eserita, aldi berean, 900 lagun ingururentzako tokia dago jartzen ditugun mahaietan, baina zaila da kalkulatzen zenbat otordu ematen ditugun, jendea etengabe, altxa eta eseri egiten baita». 18:00etan azokaren garagardoak irekitzen diren une beretik eskatzen duenarentzako afariak prest izaten dituztela aipatu du Laskurainek eta eskatu ahala zerbitzatzen dituztela, 01:00 aldera arte jendeak horrela nahi izanez gero. «Ordu kritiko bat izaten da 21:00 eta 22:00 artean, batez ere ostiral eta larunbat iluntzetan. Garaitsu horretan jende ikaragarri pila elkartzen da. Dena den moldatzen gara etenik gabe otorduak zerbitzatzeko».

ESKARMENTU HANDIKO AZOKA

1997. urte aldera, Intxaurrondon egiten zuten garagardo azoka ikusita ekarri zuten ideia Irrintzikoek Villabonara. Euren modura eta tokiko ezaugarrietara moldatuta ekin zioten antolakuntzari eta urtez urte errotu den ekitaldia izan da. «25. edizioa da aurtengoa eta orduan antolakuntzan genbiltzan berdintsuak jarraitzen dugu gaur egun. Badugu eskarmentua eta horrek asko laguntzen du baino orduan baino 25 urte zaharragoak gara eta hori ere nabari da. Dagoeneko ez dugu arintasun bera», esan du Laskurainek.

Irrintzi elkartean sartu diren bazkide gazteagoak ere batu dira antolakuntzara eta eskertzen du hori Laskurainek, baina dena den erreleboa bermatu beharra dagoela uste du: «Duela urte batzuk azokaren antolakuntza elkarte eta eragile gehiagorengana zabaltzeko aukera planteatu genuen, baina hori buruan geneukala, sutea izan genuen elkartean eta beharra etxean bertan sortu zitzaigun. Behin zorrari buelta ematen hasita gaudela, azoka beste eragileekin elkarlanean antolatzearena planteatu nahi dugu berriz. Ez dugu azoka bertan behera geratzerik nahi eta horretarako iruditzen zaigu jende berria batu behar dela ekimen honetara».

Izan ere, lan handia eskatzen du lau eguneko azoka bat antolatzeak, behin hartu dituen dimentsioak hartu ondoren. Laskurainek eta bere kideek dezente hilabete lehenagotik hasten dituzte harremanak hornitzaileekin eta guztia prest egon dadin asteak ematen dituzte lanean. «Gehientsuenak erretiroa hartuta gaude, eta horri eskerrak», dio umorez Laskurainek.

Gaur egun, 85 bazkide inguru dira Irrintzi elkartean eta gehientsuenak ariko dira lanean lau egun hauetan. «Baina horiei inguruko senide eta lagunak batu behar zaizkie; gutxi gora behera, 100 lagunetik gora ibiltzen gara azokan lanean». Ez dira izango, ordea, azoka zabalik dauden orduetan egin beharreko lanak bakarrik. Aurreko larunbatetik aritu dira Irrintzi elkarteko kideak muntaia egiten eta behin igandean ateak itxi ondoren, astelehena baliatuko dute desmuntatze lanak egiteko. «Astelehen gauean hartzen dugu guk lasaitua eta orduan deskantsatu dezakegu lasai». Ez da atseden luzea izango, hurrengo asteko igandean, uztailaren 24an abiatuko baitira Santio jaiak herrian. Bien bitartean, festa giroan murgiltzeko lehenengo aukera izango da bihartik igandera bitartean.

 

24 GARAGARDO MOTA AZOKAN


Prezioak: Pittarra 2 euroan eta garagardo bakoitza 3,60 euroan.

Jatekoak: Saltxitxak, haragi pastela, gulak, errusiar entsalada, muskuiluak, entsalada alemaniarra, patatak Navarrito erara, ukondoa, langostinoak baratzurian; postrerako pastak eta gazta.

Ordutegia: Ostegunetik igandera 18:00etatik 01:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!