Trinketeko profesionalen mailan ari da Eneko Maiz

Imanol Garcia Landa 2022ko uzt. 7a, 11:58

Open de Bardos txapelketaren sari banaketa. ESKUPILOTA.ORG

Behar Zanako pilotari billabonatarrak, Inar Ugarterekin batera, Open de Bardos txapelketa irabazi du, profesional mailan aritzen direnen aurka jokatuta.

Eneko Maiz Behar Zana elkarteko pilotari billabonatarrak trinketeko Open de Bardos torneoa irabazi berri du Inar Ugarte bizkaitarrarekin batera. Finalean 40-38 gailendu zaie Jauregiberri-Larralde bikoari, azken hau trinketean profesional mailan aritzen den pilotaria. «Oso pozik nago eta sekulako ilusioa egin zidan, Bardosen antolatzen den lehen torneoa delako», esan du Maizek. «Profesionalen aurka jokatu genuen eta ikusi genuen maila ona emateko gai izan ginela, bai finalerdian eta baita finalean ere».

Partida «tentsio» handiarekin bizitu zuela esan du billabonatarrak: «Lehenengo finala zen, eta ostiralean finalerdia jokatu ondoren, igande goizeko finalean oraindik besoa kargatu samar sumatzen nuen hasieratik. Beraz, ez nintzen eroso sentitu finalean». Maiz eta Ugarte aurretik joan ziren partidan, baina bukaeran 36na, 37na eta 38na berdindu zuten, eta azkeneko bi tantoak sakez egin ahal izan zituen Maizek.

Orain dela hiru urte partida batzuk jokatu zituen Maizek Iparraldean, baina ezberdina izan zen orduan, afizionatu asko ari baitziren eta beraiekin profesional gutxik jokatzen baitzuten. «Aurten eman digute aukera bikote mistoak egin eta beraien aurka jokatzeko. Lehenengo txapelketa izan da niretzat aurten, hanka onarekin hasi dugu uda, eta ea horrela jarraitzen dugun», azaldu du Maizek. Ugarte afizionatu mailan aritzen da, baina bikoteka Maizek baino partida gehiago jokatu ditu bai profesionalekin eta bai afizionatuekin ere. «Nik buruz buru jokatu dut gehiago. Aurten serio aritu gara entrenatzen, aukera eman digute eta nahiz eta Inar bera ere afizionatua izan, ikusi da sekulako maila duela, eta txapelketa hau irabazi dugu».

Aurten afizionatu mailako buruz buruko bi txapelketak irabazi ditu Maizek, Iparraldekoa eta Frantziakoa. «Horregatik etorri da uda honetan profesionaletan jokatzeko aukera», azaldu du billabonatarrak. «Hegoaldeko beste bi edo hiru pilotari ere ari dira bertan entrenatzen, eta ea Hegoaldekoek Iparraldean jokatzeko aukera gehiago izaten dugun». Iparraldean pixkana ohitzen ari dira trinketean Hegoaldeko pilotariak jokatzen ikustera bertako frontoietan. «Ondo hartzen dute zaleek eta nik uste dut ilusio pixka bat ere egiten diela Hegoaldekoak gerra pixka bat ematen ari garelako Iparraldeko pilotariei, eta partida politak ikusten direlako».

Open de Bardos torneoaren aurretik, Maizek beste lagunarteko bi partida jokatu zituen maila gorenean, eta gaur beste lagunarteko partida bat izango du, profesional mailako bikote baten aurka. Inar Ugarte izango du berriro ere atzelari, billabonatarrak. «Astero torneoak izaten dira herri batean eta bestean, eta espero dugu jokatzeko aukera izan eta maila ona ematea», esan du Maizek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!