Villabonako jaiak 2022

Protokoloa prestatu dute indarkeria matxistari aurre egiteko

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 6a, 19:59

Akain eta Lurgatz talde feministek eta Amasa-Villabonako Udalak Garagardo azokan eta santioetan gerta daitezkeen erasoei aurreko prozedura zehaztu dute 

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatu dute Akain eta Lurgatz talde feministek eta Amasa-Villabonako Udalak. Emakumeen, nesken eta hetero arautik kanpoko genero identitatea edota sexualitatea duten pertsonen duintasunari, estimuari eta osotasun fisiko edo materialari kaltea eragiten dieten portaerak, jokabideak eta ekintzak definitu dituzte indarkeria matxistatzat, eta eraso horiei «inolako tolerantziarik gabe eta irmotasunez» erantzungo dietela azpimarratu dute.

Garagardo Azoka eta Santio jaiak ate joka daudenean jai giroko testuinguruan eraso matxista eta sexistak biderkatzen ari direla uste dute protokoloa prestatu duten eragileek. «Garrantzitsua da, beraz, hauen prebentzioan eragitea, eta erasoak gertatzen direnean herri gisa erantzun bateratu eta koordinatua ematea», esan du Akain talde feministako Oihane Urretak. Jaien testuinguruan eraso fisikoak, sexualak, psikikoak, kontrola edo mikromatxismoak gerta daitezkeela uste dute feministek. Horregatik landu dute protokoloa, eraso matxisten aurrean jarraitu beharreko prozedurak zehazteko, horien aurrean jarduteko tresnak eta estrategiak eskaintzeko eta erasoei behar bezala erantzuteko. 

Bitartekoak eskura

Indarkeria matxista kasuen prebentziorako eta eraso bat gertatuko balitz behar bezalako erantzunak artikulatzeko bitarteko bereziak jarri dituztela esan du Susana Carretero Lurgatz talde feministako kideak. Indarkeria edo eraso matxista baten aurrean nola jokatu azalduz jarraibide zehatzak ematen dituzten kartelak eta pegatinak banatuko dira egunotan eta bereziki itsatsiko dira festa gunean, tabernetan eta txosnetan. Gainera, uztailaren 24an, 27an eta 29an Malkar plazan indarkeria sexistarik gabeko gunea egongo da 20:00etatik 23:00etara. «Bertan bi pertsona formatzaile aditu egongo dira eta materiala eta zerbitzua eskainiko dute», esan du Carreterok.

Jai egunetan mugimendu feministako kide diren hainbat emakumek besoko morea eramango dute, eta behar izanez gero, haiengana jo ahal izango da laguntza eske. «Edozein indarkeria edo eraso matxista pairatu edo ikusi duten pertsonek 697 11 66 11 telefonora hots egin ahal izango dute, eguneko 24 ordutan. Whatsapp bidezko mezu edo audioak bidaltzeko aukera egongo da eta bertatik berehalako laguntza jaso ahal izango du erasotuak».

Izan ere, eraso edo indarkeria matxista kasuren bat gertatuko balitz, egoerari erantzuteko momentuko erabakiak hartuko dituen koordinazio talde bat egongo da martxan jaietan. Akaineko, Lurgatzeko eta udaleko ordezkariek osatuko dute taldea. Bide batez, Errota auzoko 4. zenbakian dagoen Txoko Morea, esku hartzeko espazio seguru bezala izendatu dute feministek. «Erasoren bat salatuz gero, lokala erabiliko da eta biktimaren lehen esku hartzea egin ahal izateko espazio seguru gisa erabiliko dugu».

Udala bidelagun

Kasu guztietan, edozein motatako gizarte erantzuna antolatu ahal izateko, erasoa jasan duen pertsonaren oniritzia «ezinbestekotzat» jo du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak. Herri mugimendu feministaren eta udalaren arteko koordinazioa bermatzeko eta egoera bakoitzaren aurrean tamainako herri erantzuna antolatzeko prestatu dute protokoloa Unzueren esanetan. «Eraso bat identifikatzen denean, logikoki, eraso matxista konkretu horren izaera kontuan hartuta erabakiko da zein motatako erantzuna eman».

Alkateak argi du indarkeria matxista kasuen aurrean herri gisa erantzun behar dela, «inolako alderdikeria eta politikakeriarik gabe», eta protagonismoa herritarrek izan behar dutela. Unzuek aurreratu du, eraso baten aurrean erantzun bat eman beharrean aurkitzen badira, herriko mugimendu feministak antolatu eta deituko duela erantzun hori eta ondoren egingo duela bat ekimenarekin Amasa-Villabonako Udalak. «Konbentzituta gaude eraso matxisten aurrean guztion artean erantzun bateratu eta sendoa emango dugula izan Garagardo Azokan, Santio jaietan edota urteko edozein garaietan», esan du Unzuek.

Protokoloa lantzen egindako lan guztiagatik eskerrak eman dizkie alkateak herriko bi talde feministei, Lurgatzi eta Akaini, eta azpimarratu du albisterik onena protokoloa aktibatu behar ez izatea izango litzatekeela, «horrek behingoz, eraso matxistarik gabeko jaiak izan ditugula esan nahiko luke eta».

Bi tailer egingo dituzte bihar

Akain talde feminista, Lurgatz talde feminista eta Amasa-Villabonako Udala lankidetzan aritu dira indarkeria matxistari aurre egiteko eta testuinguru horretan bi tailer antolatu dituzte biharko. Gurea zinema aretoan izango dira bi saioak, aldi berean, 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Tailerretako bat autodefentsa feministaren ingurukoa izango da eta Emagin elkarteak dinamizatuko du. Parte hartu nahi dutenek, akaintaldefeminista@gmail.com helbidera edo 646 25 54 88 telefono zenbakira mezua bidali beharko dute.

Bigarren tailerra Gizontasuna desmuntatzen izenburupean emango dute, eta kasu honetan, Eihera kooperatibak gidatuko du. Parte hartzeko akaintaldefeminista@gmail.com  helbidera edo 685 80 64 12 telefono zenbakira mezu bat bidali beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!