Badator Errockmeria

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 8a, 07:57

Zelatunen dauden borden inguruan egingo dute musika jaialdia. AGIRRETXE BORDA

Igandean 12:00etatik aurrera lau talde ariko dira Zelatunen, Beertoki elkarteak lehen aldiz antolatutako Errockmeria musika jaialdian; betiko plaza bat molde berriekin eman nahi dute eta gertukoak sentitzen dituzten taldeak gonbidatuko dituzte horretarako.

Artisau garagardoak eta musikak elkartzen ditu Beertoki elkartean biltzen diren Aitor Otegi, Eneko Calvo, Jon Ander Artola eta Igor Fernandez. Azkeneko sei urteetan garagardoaren inguruko hainbat ekimen antolatu dituzte, baina baita ere musikaren ingurukoak. «Beertokiren izenean 40 kontzertutik gora antolatu ditugu, estilo ezberdinetakoak eta denentzako musika erakargarria eskaintzen saiatu gara», aipatu du Otegik. Asmo horretan sakontzeko antolatu dute igande honetarako Errockmeria musika jaialdia. Zelatunen izango da, 12:00etatik aurrera eta lau taldek hartuko dute parte bertan.

Sona handia dute uda partean izaten diren musika jaialdiek, baina Beertokikoek ez dute Errockmeria antolatu horrelakoei segika. Ohi bezala garagardo baten bueltan sortutako ideia izan zela esan du Otegik: «Aspalditik ezagutzen ditugu Sofa taldekoak, Zarauzko Putzululotik eta haiekin trago bat hartzen ari ginela beraien azkeneko diskoan jaso duten Zelatun kantua aipatu genien. Kalejira moduko baten rock bertsioa da eta ideia horri buelta bat emanda, Zelatunen egiten diren erromeriei ukitu hori eman ahal zitzaiola otu zitzaigun». Esan eta egin. Maiatza hasierako elkarrizketa hartatik bi hilabete eskasera egingo dute Errockmeria.

Tradizioa eta berritasuna emanaldi berean elkartzeko saiakera izango dela aipatu dute Beertokiko kideek. «Zerbait ezberdina eskaintzea da kontua, beti betikoan ez geratzea. Zelatungo inguru horretan bestelako proposamen bat egin nahi dugu». Musika jarriko dute elkartekoek eta norberaren kontu joango dira jan-edanak. Bi borda badira Zelatunen eta han kontsumitzeko deia luzatu du Otegik: «Urte osoan zehar zerbitzua ematen dute eta iruditzen zaigu haiei bultzadatxoa emateko aukera polita dela. Zerbait ezberdina antolatuz, jende ezberdina ere gerturatu daitekeela uste dugu». Aurretik ere erakutsia dute Beertokikoek ostalariekiko konpromisoa; pandemian geundela Always look on the bright side of life garagardo artisaua ekoitzi eta tabernarien artean banatu zuten, handik ateratako irabaziekin krisia eramangarriagoa egin ziezaien.

Monty Python umore taldean inspiratuta haien kantu baten izena jarri zioten garagardoari, baina musikarekiko duten zaletasunaren erakusgarri, ekoitzi dituzten gainerako bi garagardoek ere erreferentzia egiten diete bi musikariri Frank Zappari Zappa garagardoak eta Mikel Anestesiari Kazalis izenekoak. «Oso melomanoak gara Beertokin biltzen garen lau lagunak, musika asko entzuten dugu eta elkarri musika asko gomendatzen diogu. Rocka da, oro har, batzen gaituen estiloa, baina gutako bakoitzak bere zaletasun propioak dauzka». Aniztasun horren isla da, baita ere, Errockmerirako prestatu duten kartela.

Sarrera irekia izango du musika jaialdiak eta lurraren mailan muntatuko dute agertokia. «Ez da oholtzarik eta ezer izango. Musika ekipo indartsu bat jarriko dugu eta han arituko dira taldeak». Laguntza beharko dute ordea muntaia egiteko, Otegiren esanetan, lau lagunen artean bakarrik ezin baita gisa honetako jaialdi bat antolatu. Urte guzti hauetan, artisau garagardoaren aitzakian edo musikazaletasunagatik lagun ugari gerturatu zaizkie ingurura eta haien laguntza izango dute igandeko Errockmeria antolatzeko.

Modu horretara antolatu izan ditu Beertokik hainbat ekitaldi. «Garagardoaren bueltan dastaketak eta irteerak antolatu izan ditugu, baina musikarekin lotuta, tabernetan ere bultzatu ditugu kontzertuak, estilo diferenteetakoak, beti ere, herrian giroa jarri eta mugimendu pixka bat sortzeko. Horri eskerrak jende asko ezagutu dugu eta gure zirkulua zabaldu dugu. Jende asko batu zaigu». Modu horretara antolatu izan dute hiru urtetan BeertokiFest jaialdia. 2018ko, 2019ko eta 2021eko urrian Villabonako Berdura plazan egin izan dute jaialdia eta askotariko taldeak gonbidatu bertara. «Ez dakigu esaten aurten BeertokiFest izango ote den. Momentuaren arabera, daukagun borondate eta gogoaren arabera erabakitzen dugu aurrera egin edo ez. Data gerturatu ahala joango gara planteatzen aurten egingo dugun edo ez».



Plaza berezia da Zelatun

Errockmeria ere aurten egingo dute lehenengo aldiz, baina ez dakite bigarren edizioren bat egongo ote den. Otegik dio aurtengoaren arabera erabakiko dutela ekimenak zein martxa hartuko duen: «Momentua bizi dugu, maiatza hasieran ideia bururatu zitzaigunean asko gustatu zitzaigun eta aurrera egitea erabaki genuen. Inguruko jendearengan ere motibazioa nabaritu dugu eta pozik gaude. Guk Beertokin horrelaxe egiten ditugu gauzak». Elkarteko kideek lagunarteko ekimen bezala ikusten dute Errockmeria. «Zelatun leku ederra da, iruditzen zaigu musikarientzat ere plaza polita izango dela. Eta guk ezagunak ditugun eta gertukoak sentitzen ditugun musikariekin partekatu nahi dugu plaza».

 

Aitor Otegi: «Ideia bururatu zitzaigunean asko gustatu zitzaigun eta aurrera egin genuen»



Aurretik harremana duten taldeekin kontatu dute lehenengo Errockmeri honetarako. Muskizekoa (Bizkaia) izan arren, Villabonan bizi den Marak zabalduko du jaialdia. 2019ko BeertokiFest jaialdian parte hartu zuen bakarlariak eta Otegiren esanetan «ahots sakona» duen musikaria da. Bere kantuak eskainiko ditu eta baita beste hainbat talderen bertsioak ere.

«Artisau garagardoarekiko gure afizioagatik jende asko ezagutu ahal izan dugu sei-zazpi urteotan eta horietako batzuk dira Petra taldean ibiltzen direnak. Gora izeneko garagardo marka dute donostiar hauek eta inoiz parte hartu izan dute guk antolatutako azokan. Hortik egin genuen harremana haiekin eta orain Errockmerira gonbidatu ditugu», esan du Otegik. Modu berean dute Beertokikoek harremana Sofa taldekoekin. «Putzuzulo gaztetxean asko ibilitakoak gara gu eta aspalditik ezagutzen ditugu Sofakoak». Haien kantu batean du ernamuina Errockmeriak.

Patxuko Nice taldea ere behin baino gehiagotan izan da Villabonan. Bai gaztetxean eta baita ere Beertokik antolatutako ekitaldietan ere. «Oraingo honetan, modu akustikoan etorriko zaizkigula esan digute. Reggae ukitua duten kantuak eskainiko ditu. Bere kantuak alde batetik eta beste kantu batzuen bertsioak eskainiko ditu».

Zelatungo garai bateko erromerien izpiritua mantenduz, 12:00etan hasiko da igandeko erromeria. Talde bakoitzak ordubeteko saioa eskainiko du eta aldaketarako tarteak baliatuta, jaialdiak 18:00ak arte iraungo duela aurreikusten dute antolatzaileek. «Ez da sarrera ordaindu beharko eta gerturatu nahi duen guztiarentzat librea izango da, erromeriak izaten diren bezalaxe». Ahalik eta jende gehiena gerturatzea nahiko lukete Beertokiko kideek eta horretarako oinez joateko proposamena luzatu diete herritarrei: «Kotxeak uzteko leku handirik ez dago han eta egokiena iruditzen zaiguna da oinez gerturatzea eta behin jaialdia amaituta oinez bueltatzea etxera. Mendi bueltatxo bat eginez igande baterako plana da proposatzen duguna».

Eguraldia dute kezka bakarra Beertokiko kideek. Euria egingo balu bertan behera geratuko litzateke jaialdia, baina ez lukete bero izugarririk nahi. Neurrian dago kontua eta tamaina hartua diote Beertokiko kideek gisa honetako ekitaldien antolakuntzari. Errockmeria da euren ekarpen berria.

 
PATXUKO NICE. HONDARRIBIA

2012. urtean sortutako musika taldea da, Sergio Ordoñezen bakarkako proiektu gisa. Ordoñez, aurretik, Joxe Ripiau edota Esne Beltza taldeetan aritutako da. Rocka, reggaea eta doinu dantzagarriak landu izan ditu. Hiru disko atera dituzte: 435.0 [Gora, 2014], Hego haizea, ego querido [Mauka, 2017] eta Quim-en marrazkia [Baga-biga, 2020]. Formatu akustikoan arituko da Errockmerian eta bere kantuak eta besteen kantuen bertsioak eskainiko ditu.

 

SOFA. ZARAUTZ

2012an Zarautzen sortutako rock musika taldea da. Taldekideak zarauztarrak eta zumaiarrak dira. Musika instrumentala egin izan dute orain arte eta ahotsa sartzen hasi dira berriki. I [Bonberenea Ekintzak, 2015] eta II [Bonberenea Ekintzak, 2017] diskoak atera dituzte eta aurten grabatu dute Krispetak [Bonberenea Ekintzak, 2022]. Bertan jaso dute Zelatun kantua. Diskoen marrazkiak Imanol Sesma bateria jotzaileak egiten ditu. Math rock estiloa jorratzen dute.

 

PETRA. DONOSTIA

Bost lagunek osatzen duten Donostiako taldea da. Post-rock eta post-hardcorearen barruan, euren kantuak psikodelia, desert-rock edota kraut-rock zantzuak dituzte. Berako MIK estudioetan grabatutako Zuzenean [Kriston Zintak, 2015] diskoa izan zen euren lehen lan luzea eta berriki kaleratu dute Denboraren bide [Egilea editore, 2021], zortzi kantuz osatutako diskoa. Taldekideak, Beertokikoak bezala, artisau garagardoaren munduan dabiltza.

 

MARA. MUSKIZ / VILLABONA

Bakarlari gisa behin baino gehiagotan aritu da Mara Beertokik antolatutako kontzertuetan. Muskizen jaio eta gaur egun Villabonan bizi da. Gitarra akustikoarekin arituko da Errockmerian. Bere abestiak baditu eta beste hainbatek egindako kantuen bertsioak eskainiko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!