Errebotea Sutan txapelketa atzeratu egin dute eguraldiagatik

Irati Saizar Artola 2022ko ekainaren 25a

Txapelketa jokatzerik izan ez badute ere, joko garbian eta palaz aritu dira goizean zehar Villabonako frontoian.

Errebotea protagonista izatekoa zen, gaur, izen bereko Villabonako plazan, baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan dute. Behar Zana elkartearen 75. urteurrenaren harira antolatu dituzten jardunaldien barruan kokatuta zegoen Errebotea Sutan txapelketa. Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak esan du "erabakitzen" ari direla noiz egin, baina ziurrenik "uda ostean" izango dela. "Horrelako jaialdi bat ezin da ospatu gabe utzi, beraz, ea aurrerago egiteko moduan garen", esan du. 

Hitzordu berezia zen gaurkoa. "Gaur egun errebotean dabiltzanak eta lehen ibili zirenak lotuta genituen, eta pena da eguraldiagatik atzeratu behar izatea". Denera lau talde eta 24 pilotarik hartu behar zuten parte. "Batzuk apropos txapelketa honetarako entrenatzen aritu dira". Hala ere, ez dira besoak gurutzatuta geratu, eta pilotariak goizean goizetik Villabonako plazan elkartu direnez, pilotalekura joan dira eta joko garbian eta palaz aritu dira goizean zehar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!