Errebotearen festa

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 22a, 11:58
Ekainaren 5ean jokatutako errebote partidako hainbat pilotari izango dira larunbateko txapelketan. LEYRE CARRASCO

Behar Zana elkarteko egungo errebote jokalariak zein jokalari ohiak bildu eta Errebotea Sutan izeneko txapelketa egingo dute larunbatean.

Errebotea Sutan txapelketa azkarra izango da jokoan larunbat honetan Villabonako Erreboteko plazan. Behar Zana elkarteak iaz bete zituen 75 urte, baina ekitaldiak aurten ari dira ospatzen, eta horietako bat da larunbatekoa. «Iñaki Lizasoren ideia batetik sortu zen. Urria inguruan deitu zidan, ea parte hartu nahi nuen», esan du Igor Alejok, Behar Zanako errebote jokalari ohi eta txapelketako parte hartzaileetako batek. «Elkartean badago argazki bat, 1975ekoa, eta bertan elkarteko bost agertzen dira txapelketa batean parte hartzen. Hortik abiatuta, lau talde osatu ditugu, egun jokatzen dutenak eta jokalari ohiak elkartuz. Txapelketa bat baino gehiago errebotearen inguruan elkartzea da asmoa, egun polit bat osatzeko».

Lizaso deika hasi zen jokalariei eta pixkana baiezkoa esan zuten. Azkenean, sei jokalariz osatutako lau talde egitea lortu dute. «Ez nuen pentsatzen hainbestek baiezkoa emango zutenik, baina, bestalde, egitasmo polita da, eta aukera ona askorentzat berriro ere errebotearekin kontaktuan egoteko», esan du Alejok.

Txapelketa izaera ez duela gaineratu du, bukaeran ez delako saririk emango, baina lehia izango dela ziurra da. Lau talde izango dira, bakoitza kolore batekoa. Goizean talde Txuriak eta talde Gorriak elkarren aurka jokatuko dute, eta ondoren Urdinaren eta Berdearen txanda izango da. Galtzen dutenek arratsaldean elkarren aurka jokatuko dute lehen partidan, eta horren ondoren goizeko irabazleen artekoa izango da. «Behin janzten garenean dena ematera joango gara, hori ziur», azaldu du Alejok. Bazkaria elkarrekin egingo dute, baina ez da oso oparoa izango. Hori bai, egunari bukaera afariarekin emango diote. «Hor bi partidak irabazi dituen taldeak eta biak galdu dituenak aurpegiera ezberdina izango dute», iragarri du pilotariak.

Taldeak egiterakoan ahal duten parekatuenak egin dituzte, eta gaur egun dabiltzanak eta aurretik aritutakoak nahastu dituzte. «Talde bakoitzean bost pilotarik jokatzen dute, eta berez ez dira aldaketak egiten, baina egun honetarako egingo ditugu, denok disfrutatzeko», zehaztu du Alejok. «Azkenean, ez da txapelketa ofizial bat, festa bat izatea nahi dugu».

ERREBOTEARI BULTZADA

Aldarrikapen moduko bat ere izango da eguna, Behar Zana elkartea sortzeko arrazoi nagusia errebotea izan baitzen, aurrerantzean ere asmo hori dutela azalduz. Bestalde, errebotean garai batean zein aritzen ziren jakiteko ere balioko du. «Batzuk urte askoz aritu gara, nire kasuan adibidez 30 urtez, baina beste batzuk 18 edo 20 urte arte aritu ziren, eta baliteke jendeak sorpresaren bat hartzea zenbait jokalari ikustean».

Erreboteak herrian bizirik jarraitzen duela erakusteaz gain, pilotarien arteko saltsa ere motibazio iturri izan da. «Ondo pasatzeko ariko gara, eta oraindik maila ematen ote dugun ikusteko», gaineratu du Alejok. «Gero, noski, elkartearen 75. urteurrena dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dira, baina garbi zegoen errebotearen inguruan zerbait berezia egin behar zela».

Ahal duten bezala ari dira prestaketa lanak egiten. «Ni urrian hasi nintzen», esan du Alejok. «Lau-bost urte izango ziren zestoa utzita nuela. Hamar minutu egin eta besoak nahikoa zela esaten zizun. Abilezia ez dugu galdu, hau da, pilota zestoan sartzearena, baina besoko minak hor izan dira, eta kontuz ibili gara». Lehen entrenamendu ofiziala Eguberrien inguruan egin zuten: «Zestoarekin sei bat pilotari elkartu ginen, eta hor nabaritu zen etxeko lanak zeinek zituen eginda. Kontuan izan behar da errebotea oso gogorra dela besoarentzako, joko zuzena baita. Besteak botatzen duen indarrarekin jasotzen duzu pilota». Zuriz ez direla janzten barregarri geratzeko gaineratu du Alejok, eta denak dabiltzala gutxi-asko entrenatzen.

Elkartean ikusmina sortu da txapelketaren inguruan, eta batez ere jokalari ohiak berriro zestoarekin ikusten dituztenean nabaritzen da: «Entrenatzera joan eta zestoarekin ikusten gaituztenean, jendea harritu egiten da, eta berriro ere hasi ote garen galdetzen digute». Larunbatean ikusleak bilduko direla espero dute. «Partidak goiz eta arratsaldez dira, eta uste dut jendeak izango duela gogoa garai batean ibiltzen ginenak zer maila ematen dugun ikusteko. Nik neuk ere badut gogoa gaur egun aritzen direnen aurka jokatu eta nola moldatzen garen ikusteko».

Gaur egun Behar Zana elkarteak erreboteko txapelketetan parte hartzen du. «Kontuan izan behar da oso sufritua dela. Bost pertsona behar dira talde bat sortzeko. Partidak Iparraldean jokatzen dira normalean, eta igandetan izan ohi dira, azken horrek gazteentzat suposatzen duen kargarekin. Eta gero, taldea osatu ondoren, euria egiten badu bertan behera geratzen da. Zaila da horri eustea; zortez oraindik taldea dago eta gaztetxoak ere badaude», zehaztu du Alejok.

Elkarteak ateak irekita ditu errebotean aritu nahi dutenentzako. «Jokamolde bezala ikusgarria da, joko zuzena da, abiadura handian doa pilota, jendea lurrera botatzen da...». Larunbateko festak, pilotarien topagune izateaz gain, erreboteak herrian agian indar gehiago emateko balio dezake.

DATUAK

Parte hartzaileak

Gorria. Xabi Mitxelena, Beñat Iraola, Aitor Zaldua, Eneko Maiz, Mikel Rodriguez eta Iñaki Lizaso.
Berdea. Beñat Iguaran, Igor Alejo, Kepa Nazabal, Axier Etxaniz, Pedro Miguel Alonso eta Beñat Karrera.
Urdina. Jon Ander Artola, Oinatz Orue, Eneko Iturbe, Iker Urreta, Ion Zaldua eta Iñaki Otaegi.
Txuria. Sergio Sanchez, Jon Alejo, Aratz Luixa, Joseba Arruabarrena, Eneko Gorostidi eta Xabier Ayerza.

Ordutegia

10:00. Talde Gorria eta talde Txuriaren arteko partida. Ondoren, Berdea eta Urdinaren artekoa.
16:30. Goizeko bi galtzaileen arteko partida. Ondoren, irabazleen artekoa.

ERREBOTEA ULERTZEKO AZALPEN LABURRA

Erreboteak tenisaren antzekotasuna du. Izan ere, tenisa bote luzetik dator, eta errebotea eta bote luzea nahiko antzekoak dira. Plazak 80 metro ditu eta alde bakoitzean pareta dago. Alde bakoitzean bi pilotari daude zestoarekin, eta erdian, sarearena egiten, talde bakoitzeko bi pertsona daude eskularruarekin, eta beste bat saskiarekin.

Alde banatan dauden bi pilotariak saiatu behar dute airez edo arrastaka pilota beste aldera botatzen. Beste aldean pilotak bi bote egiten baditu, tantoa lortzen da. Eta arrastaka botatzen bada eta plaza banatzen duen marra pasatzen badu, tantoa da. Erdian dauden pilotariek, sarearena egiten, pilota beste aldera pasa ez dadin saiatu behar dira. Tantoak edo kintzeak kontatzeko modua tenisak bereganatu zituen, eta 15, 30, 40 eta jokoa izendatzen dira. Set bakarrera jokatzen da, eta hamahiru joko izaten ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!