Kalean ehundu aldarrikapen feminista gisa

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko ekainaren 11

Kalean Ehuntzeko Munduko Egunean Villabonako Santiago egoitzan elkartu dira emakumeak aldarrikapen feminista gisa Kaleak gureak dira leloarekin. Eremu publikora atera dute, etxeetan, urteetan, isilean egin duten lana: ehuntzea. Villabonaz gain erkidegoko beste sei puntutan ere aurrera eraman dute honako ekintza.  Helburua matazak indarkeria matxistaren kontra ehuntzea izan da: #puntuetakitto.

Arantxa Lopez Luloagak, Amasa-Villabonako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, jakitera eman du Santiago egoitzako egoiliarrek ikasturtean zehar ehundu egiten dutela egoitzan bertan, eta gaurko ekimenarekin "etxean ezkutuan egiten zena, kalera atera eta balioan jarri nahi" izan dutela. 

Orain artean, gehiegitan, etxeetan ezkutuan geratzen zena indarkeria matxista ere bazen. Horrela izanik, gaurko ekintza sinbolikoarekin indarkeria matxista horri aurre egiteko baliatu dute #puntuetakitto adieraziz. Beste hainbat helburu ere bete nahi ziren 2021ean Pasaian hasitako mugimendu honekin: ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna bihurtzea, eremu publikora ateratzea emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaien diziplinak, auzoa eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea eta lanen atzean dagoen jakinduria ikusaraztea, hain zuzen ere.

Ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du eta, Villabonako Santiago egoitzan egin bezala, beste sei puntuetan ere matazak kalera atera dituzte: Astigarraga, Pasaia, Errenteria, Hondarribia, Gasteiz eta Eibar.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!