Billabonak azken unean eutsi ahal izan dio mailari

Imanol Garcia Landa 2022ko ekainaren 7a

Billabonako lehen taldeako kideak, Arratzainen, Manu Muriel Txapelketa irabazi zuten alebin mailakoekin ospatzen, larunbatean bertan. BILLABONA FKE

Billabona FKEko gizonezkoen lehen taldeak hil ala biziko partida zuen larunbatean, futboleko Gipuzkoako Gorengo Mailari eusteko. Azken unean, luzapenaren azken minutuan sartu zuten gola billabonatarrek, eta mailari eutsi ahal izan zioten. Idiazabal zuten aurkaria, eta Lazkaon jokatu zuten partida.

Iraupen fasea «luzea» egin zaiela aitortu du Iñaki Artola Billabona taldeko kapitainak: «Denboraldia nahiko gorabeheratsua izan da guretzako, eta baita klubarentzako, baina azkenean helburua lortu dugu». Iraupen fasea jokatu behar izan zuten lehenbizi, eta hor bere multzoko azken bigarren geratu ondoren, lauko finala jokatu behar izan dute. Lau talde horietatik finala irabazten zuenak eusten zion mailari eta beste hirurak jaitsi  egiten ziren. 

Idiazabalen aurkako partida «epikoa» izan zela esan du Artolak: «Pentsatzen genuen penaltietara iritsiko ginela eta ez genuen hori nahi. Azken minutuan sartu genuen gola, Kimetzek area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Oso polita izan zen une hori, eta harmaila ia behera erori zen». 
Finala nahiko berdindua izan zen, eta bi taldeak ondo aritu ziren defentsan, billabonatarrek gol aukera gehiago izan arren. «Baina golik ez genuen sartzen eta azkenean azken unera arte itxaron behar izan genuen», azaldu du Artolak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!