Ekitaldi hunkigarri, solidario eta historikoa

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 7a, 07:59

Behar Zana elkarteak 75. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako Pilota Maratoi Solidarioa «biribila» izan da, eta Aspanogirentzat 1.600 euro lortu dituzte.

Behar Zana elkartearen 75. urteurreneko ospakizunen asteburu bereziena izango zela aurreikusten zen eta horrela izan da. Ostiral arratsaldetik larunbat arratsaldera, 25 ordu baino gehiago aritu dira pilotan Bearzana pilotalekuan, Pilota Maratoi Solidarioa osatuz. «Biribila izan da», esan du antolatzaile lanetan aritu den Iñaki Lizaso. «Parte hartzaile guztiak pozik, dena ondo joan da, inork ez du minik hartu eta partida politak izan dira. Jendeak pozik hartu du parte». 

Hori lortzeko jende askoren parte hartzea behar izan dela nabarmendu du Lizasok: «Ordu asko ziren, eta elkarteko kideez gain, pilota eskolako gurasoen parte hartzea ere izan da. Borondatea egon da, jendeak lagundu du, eta alde horretatik oso pozik gaude». Ekitaldia «historikoa» izan dela nabarmendu du, ez baita hainbeste orduz segidan pilotan aritu diren ekitaldi bat antolatu aurretik. «Hor geratuko da ekitaldia. Behar Zana, bere 75. urteurrena ospatzerakoan, mapan jarri da, eta euskal pilota ere begi bistan jarri da, ez bakarrik eskuz jokatzen dena, modalitate guztietan». Guztira 150 pilotari baino gehiago aritu ziren Bearzana frontoian.

Maratoiak, gainera, helburu solidarioa zuen eta 1.600 euro inguru lortu dira Aspanogi elkartearentzat. Hain justu, Alejo-Arruti familiak jokatu zuen azken partida, eta momentu hunkigarria izan zen. Alaba hil zitzaien iaz minbiziarekin, eta Aspanogi elkarteko kide izanik, eta aita Behar Zanako pilotari ohia, eta anaietako bat gaur egun elkarteko pilotaria, beraiek eman zituzten maratoiko azken pilotakadak. 

Tartean Lizaso bera ezustean harrapatu zuen unea ere izan zen, Behar Zana elkartetik omenaldia egin baitzioten, pilotan egin duen eta egiten ari den lanarengatik. Pilota Maratoi Solidarioaren azken partidaren aurretik jaso zuen omenaldia. «Errekonozimendua jasotzea beti estimatzen duzu, eta une hunkigarria izan zen niretzako», esan du Lizasok.  

Larunbat gauean Behar Zana elkarteko afaria eta ondoren danborrada izan zuten, eta igandean, elkarteko pilotari eta pilotari ohien arteko errebote partida. Hilaren 25ean jokatuko den Errebote Txapelketa Azkarraren beroketa saioa izan zen.

Argazkiak: KARLIS

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!