Iritsi da eguna, eta martxan jarri da Behar Zana elkarteak antolatutako Pilota Maratoi Solidarioa. Aspanogi elkartearen alde izango da ekitaldia. Bearzana frontoiaren atean kutxa bat jarri da, eta nahi duen orok bere diru ekarpena egin dezake. Jasotako diru guztia izango da Aspanogi elkartearentzat. Horrez gain, zozketa bat egingo da, saritzat Zubeldia etxeko autokarabana batean asteburua izango duena, eta parte hartzeko aukera frontoiaren atean bertan izango dago. Bestalde, pilotalekuaren kanpoan Aspanogi elkarteak postu bat jarri du, elkarteko materiala saltzeko. Ekotalok bere postua jarri du janaria saltzeko, eta Behar Zana elkarteak barra bat edariak zerbitzatzeko.
Arratsaldeko seietan puntuan eman diote hasiera Pilota Maratoi Solidarioari. Adimen urritasuna duten pilotarien txanda izan da lehendabizi. Suziria bota dute hasiera emateko, eta herriko erraldoi eta buruhandien bisita ere jaso dute. Maratoiko bigarren parte hartzaileak gurpildun aulkietan aritzen diren pilotariak izan dira. Pilota Maratoi Solidarioari amaiera bihar arratsaldean emango zaio. 19:30ean izango da azken partidaren hasiera eta oso hunkigarria izango da. Pasa den abuztuan, hamar urteko neska bat hil zen minbiziarekin, Behar Zana elkarteko pilotari baten arreba eta elkarteko pilotari baten alaba. Partida hori gurasoek eta bi anaiek jokatuko dute.