Asteburu bereziena izango da Behar Zana elkartearentzat

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 2a, 19:58

Pilota Maratoi Solidarioarekin emango diote bihar hasiera ekitaldiei. 25 ordu baino gehiagoz ariko dira pilotan Bearzana frontoian, ia modalitate guztietan.

Behar Zana elkartea 75. urteurreneko ekitaldiak gauzatzen ari da, eta asteburu honetan urteko ekitaldi berezienetakoa izango du. Izan ere, herriko erraldoi eta buruhandiek lagunduta, historikoa izango den Pilota Maratoi Solidarioari emango diote hasiera, bihar, 18:00etan, Bearzana frontoian. «Pilota maratoiak egin izan dira, baina 25 ordutik gora eta gainera horrenbeste modalitate denak batera ikusteko aukera, guk dakigula ez dira egin», esan du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak. Plazan jokatzen diren bote luzea, laxoa eta errebotea, eta pala luzea ez beste modalitate guztiak ikusi ahalko dira.

Larunbatean, 19:30ean hasiko da azken partida. «Oso hunkigarria izango da azken partida hori. Pasa den abuztuan, hamar urteko neska bat hil zen minbiziarekin, Behar Zana elkarteko pilotari baten arreba eta elkarteko pilotari baten alaba. Partida hori gurasoek eta bi anaiek jokatuko dute», azaldu du Lizasok.

Ia pilota modalitate guztiak ikusteko aukera izatearekin batera, parte hartzaileak ere denetarikoak izango direla azaldu dute antolatzaileek: adimen urritasuna dutenak, profesionalak, Behar Zana pilota eskolakoak eta elkartekoak, aisiko emakumeek, 70 urte inguruko pilotariak zein haurrak... «Festa bat izatea nahi dugu», esan du Lizasok.

Aspanogi elkartearentzat izango da biltzen duten diru guztia. Kutxa bat jarriko dute frontoian, eta bertan nahi duen orok egin ahalko du bere ekarpena.

Beste ekitaldi batzuk ere izango dira asteburuan. Larunbatean, 10:00etan hasita, xake txapelketa izango da Behar Zana elkartean. Arratsaldean, berriz, Incansables txaranga ariko da girotzen, eta Pilota Maratoi Solidarioa bukatu eta gero, elkarteko afaria izango dute. Afalostean, elkarteko danborrada aterako da.

Igande goizean, 09:00etan diana izango dute, eta 11:00etan errebote partida bat izango dute Errebote plazan. Behar Zanako pilotarien eta pilotari ohien arteko partida jokatuko dute, eguraldiak laguntzen badu. Ekainaren 25ean jokatuko den errebote txapelketa azkarrarentzako beroketa moduan baliatuko dute pilotariek.

Horrez gain, Pilotakadek batzen gaituzte izeneko erakusketa izango da ikusgai Gurea aretoan. Bertan, elkartearen 75 urteetako argazkien lagin bat ikusi daiteke, eta baita modalitate ezberdinetako erremintak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!