Kale Nagusiko 62. eta 68. zenbakien arteko eraikinak botako dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 26a, 14:52

Eraikuntza enpresak gehienez hiru hilabeteko epea izango du eraiste eta botatze lanak hasteko, eta HAPO berrian orubearen erabilera aldatu bitartean, oinezkoentzat egokitu beharko du eremua.

Maiatzaren 24an Amasa-Villabonako udaleko Hirigintza batzordeak aho batez onartu zuen Construcciones Aburuza SL enpresak Kale Nagusiko 62. eta 68. zenbakien arteko eraikinak eraisteko aurkeztutako proiektua onartzea eta obra egiteko lizentzia ematea. Horrela, eraikuntza enpresak gehienez hiru hilabeteko epea izango du eraiste edo botatze lanak hasteko.

Eraikinak bota ondoren Villabonako erdigunean kokatzen den eremu hori nola geratuko den adosteko asmoz, udal gobernua eta enpresa bildu eta akordio bat lortu dute. Horrela, HAPO Hirigintza Plan Orokorraren onarpen ofizialak eraikin berri bat eraikitzeko aukera zabaltzen duen arte, orube hori espazio publikoa izango da, alegia, oinezkoak bertatik pasa ahal izango duten eremu ireki bat izango da, inolako hesi edo trabarik gabe. Hau ofizialki formalizatzeko, udalak eta orubearen jabetza duen Construcciones Aburuza SL-k  hitzarmen bat sinatuko dute.

Udal gobernua "oso pozik" agertu da, urte askoan luzatu den afera honi irtenbidea eman zaiolako azkenean. "Eremu hori, batez ere Aldude 1 eraikinera sartzeko pasabide kalea, egoera kaskarrean dago, hesi metalikoekin, pasabide estu eta arriskutsuekin, eta ez dago zalantzarik eraikin horiek ahalik eta azkarren botatzeko premia handia zegoela", esan du udal gobernuak eta nabarmendu du gaiari lehentasuna eman eta esku hartzea erabaki duela. Udalak ahalegin berezia egin du Construcciones Aburuza SL enpresaren eta bertan geratzen ziren jabekideen artean akordioak lortu zitezen, akordio horiek lortzea ezinbesteko baldintza izan baita eraikinak bota ahal izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!