Ikasleek Eskola Agenda 2030eko txostena aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 25a, 15:44

Herriko ikastetxeetako 1.105 ikasle aritu dira lanean eta hartutako konpromisoak eta ingurumena zaintzeko proposamenak luzatu dituzte Amasa-Villabonako Udalean.

Eskola Agenda 2030 programaren harira, herriko ikastetxeetako hainbat ikasle Beatriz Unzue alkatearekin eta Xabat Laborde alkateordearekin bildu dira basoak zaintzeko hartutako konpromisoak azaltzeko. Era berean, ingurumenaren zaintzarako proposamen desberdinak aurkezteko ere baliatu dute bisita.

Ikasleen artean ingurumen hezkuntza eta harekiko sentsibilitatea sustatzea da Eskola Agenda 2030 programaren helburua. Horrekin batera, garapen jasangarriko tokiko prozesuetan ikasleen parte hartzea ere bultzatu nahi du. Ingurumen Hezkuntzako programa denez, gaztetxoen artean ezagutzak, gaitasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoen garapena sustatzeko asmoa du, eta ingurumen arazoak konpontzen parte hartzera era animatu nahi ditu programaren parte hartzaileak.

Amasa-Villabonan Fleming herri eskola, Zubimusu ikastola eta Erniobea BHI ikastetxeek Eskola Agenda 2030 parte hartzen dute proiektuan. Lehen Hezkuntzako 1 mailatik hasi eta DBHko 4 mailara arte. Horrela, guztira, 1.105 ikasle aritu dira lanean, irakasle eta gurasoen laguntzarekin batera.

Ikasleek proiektu honen baitan ikasturtean zehar landutakoaren berri eman dute udaletxeko batzar areto nagusian. Aurtengoan, lehorreko ekosistemetako bizitza, eta zehazki, basoaren inguruan aritu dira lanean.HH eta LHko ikasleek inguruko basoetako eta parkeetako bizidunak babesteko konpromisoa hartu dute, zuhaitzak eta landareak puskatu gabe eta animaliak lasai utziz. Gainera, basora joaten direnean, sortutako zaborra poltsa batean sartu eta etxera eramango dutela esan dute, ondoren bakoitza bere edukiontzira botatzeko.
DBHko ikasleek, aldiz, udalak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzeko konpromisoa hartu dute (mendi garbiketak, zuhaitz landaketak...). Era berean, mendira joatean, zaborrik ez dutela botako eta sortzen dutena, etxera bueltan eramango dutela esan dute.

Proposamenak

LHko ikasleek zaborra ezin dela bota adierazten duten kartelak hizkuntza desberdinetan jartzea proposatu dute. Gainera, herriko parkeetan zuhaitzak identifikatzeko txartelak jartzea gomendatu dute, herritarren ezagutza sustatzeko. Lasturren mahaiak eta bankuak aldatzea eta egoera onean mantentzea beharrezkoa ikusi dute.
DBHko ikasleei dagokionean, herriko mendi elkartearekin eta ikastetxeekin elkarlanean, ingurunea ezagutzeko irteera gidatu gehiago antolatzea proposatzen dute: zuhaitz landaketak, gazteentzat orientazio frogak, landare-zuhaitzak identifikatzeko panel informatiboak, mendi ibilbide posibleak diseinatu... Bestetik, eragile desberdinen partaidetzarekin, auzolanean, baso eta erreka bazterrak garbitzeko ekimenak antolatzea ere ideia ona izan daitekeela ikuste dute adin tarte honetako gaztetxoek.

Datozen bi ikasturteetan energia ez kutsatzaileen inguruan jardungo dute herriko ikasleek. Amasa-Villabonaren diagnostikoa egin, eta proposamen eta konpromisoen bidez, garapen jasangarrirako helburuetan herriak aurrera egin dezan lagunduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!