Amasa-Villabonan egingo dute 30. Haur Mendi Ibilaldia

Ataria 2022ko mai. 20a, 15:00

Orozkoko Itxinape mendi taldeak antolatu zuen 2018ko edizioa. Argazkia: Aiaraldea

Maiatzaren 29an egingo dute eta Aizkardi mendi elkarteak antolatuko du. Hiru ibilbide prestatu dituzte eta 14 urte arteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute.

Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen 30. Haur Ibilaldia egingo dute maiatzaren 29an Amasa-Villabonan, Aizkardi mendi elkarteak antolatuta. 09:00etan egingo zaie harrera parte hartzaileei Errebote plazan trikitixa doinuekin eta haur bakoitzari kontrol txartel bat emango zaio. 14 urte arteko umeek parte har dezakete euren guraso edo tutoreak lagunduta, eta aurrez, www.emf.eus helbidean eman beharko dute izena. Egunean bertan, 08:30ean mahaiak jarriko ditu antolakuntzak izena eman nahi dutenentzat. Doakoa izango da parte hartzea.

Haur ibilaldia zirkularra izango da eta Errebote plazatik 09:30ean abiatuko dira haurrak Aizkardi mendi elkarteak prestatu dituen hiru ibilbideak egiteko. Plastikozko zintekin markatuta egongo dira bideak eta parte hartzaile bakoitzak bere baldintzetara ondoen egokitzen dena egin ahal izango da. Ibilbide luzeak 13,5 kilometro ditu, motzak 9,5 kilometro eta motzenak 7,5 kilometro. Ibilbidean zehar hainbat informazio puntu egongo dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez ibilbide luzeko bidea itxiko duen kontrol bat jarriko dute Mendabietan 11:00etan eta ibilbide motzako bidea ixteko 13:00etan beste kontrol bat jarriko dute Komizar parkean. Parte hartzaile guztiak Errebote plazan 14:00etan bilduko dira. Plazan bertan 12:30etik aurrera trikiti doinuak egongo dira eta parte hartzaile bakoitzarentzat pintxo bana banatuko da. 14:30ean emango diote amaiera 30. Haur Mendi Ibilaldiari Amasa-Villabonan.

Aizkardi mendi elkarteak garraiobide publikoa erabiltzea gomendatu du eta gogorarazi du Errebote plazak ez duela autoentzat sarbiderik. Aldi berean, parte hartzaileei ibilbidean zehar jarriko den seinaleztapena errespetatzeko eskatu die eta bakoitzak sortzen dituen hondakinak bere motxilan eramateko. Informazio gehiago nahi duenak Euskal Mendizale Federazioaren webgunean izango du edo bestela antolatzaileekin jarri daiteke harremanetan ibilaldia@aizkardi.com helbidean, 19:00etatik 21:00etara, 649 71 71 82 telefonoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!