Trapu zikinak ez direlako soilik etxean garbitzen

Ataria 2022ko maiatzaren 19a

Lore More konpainiak 'Trapu zikinak' antzezlana eskainiko du larunbatean Mikeliartza baserrian; taxi zerbitzua eskainiko du udalak.

Trapu zikinak antzezlana izango da ikusgai larunbatean Amasa-Villabonan, 18:30etik aurrera. Ezohiko lekuan gozatu ahalko da antzezlanaz, hain justu, Amasarako bidean dagoen Mikeliartza baserrian, eta doan izango da. Udalak, gainera, autoz ez joateko eskaria luzatu du, eta doako taxi zerbitzua jarri du. Horretarako, nahikoa izango da Eliza aurreko autobus geltokira joatea 17:30etik 18:15era.

Euskarazko kultura sorkuntza sustatzea helburu duen Udalbiltzaren Geuretik sortuak egitasmoaren barruan kokatzen da antzezlana. Amasa-Villabonako Udalak bat egin du egitasmoarekin, eta horri esker izango da herrian lana ikusteko aukera.

Lore More Nafarroako antzerki konpainiak ekimenari esker egonaldia egin zuen iragan urteko abuztua eta iraila artean Oiartzunen, Trapu zikinak antzezlana ontzeko. Garbitokiak dira antzezlaneko ardatz. Konpainiako kideek kontatu dutenez, trapu zikinak etxean garbitzen direla esaten bada ere, «garbitokiek, egun mutu dauden harritzarrek, beste errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera». Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak bezalako gaiak agertzen dira garbitokietan zeuden bitartean, eta hori erakutsiko du antzezlanak. Era berean, garbilekuetan «jo ta fuego» aritu ziren arbasoei omenaldia ere badela esan dute. Aurreratu dutenez, herriko hainbat konturi keinu egingo diete Lore Morekoek larunbateko saioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!