Umeekin ttonttorrez ttonttor

Jon Miranda Labaien 2022ko maiatzaren 5a

Duela 30 urte inguru hasi ziren umeekin mendi irteerak egiten Aizkardi mendi elkartean; gerora, Tonttottorrez ttonttor izena hartu zuen ekimenak, eta orain, eten baten ondoren berriro abiatu dute.

Haurren artean naturarekiko eta mendiarekiko zaletasuna bultzatzeko asmoz, familia giroan mendi irteerak antolatzen dituen ekimena da Ttonttorrez ttonttor. Garai batean Aizkardi mendi elkarteak umeentzako antolatzen zituen irteerek izen hori hartu zuten duela 10 urte inguru, gurasoak hasi zirenean antolaketa lanetan. Etenda egon dira irteerak hilabete batzuetan, eta orain, talde berri batek hartu du hauek antolatzeko ardura. Lehenengo saioa, apirilaren 30ean egin zuten, eta Basagainera egindako irteeran, ia 40 lagunek hartu zuten parte.

Ekimena berpizteko ahalegin horretan ari den guraso taldean parte hartzen du Olatz Arregik eta nabarmendu du hemendik aurrera taldea egonkortzen saiatuko direla. «Aurretik aritzen ziren antolatzaileei umeak hazi zaizkie, eta adin horretako gaztetxoek eskolaz kanpoko jarduera asko izaten dituztenez, mendia pixka bat albora geratu zaie. Orain hasi garenok adin bertsuko umeak ditugu eta gure artean giro polita sortzen bada, aurrekoek egin zuten bide berdina egitea da gure asmoa».

Gurasoekin asteburuetan plan ezberdin bat egiteko aukera eskaintzeaz gainera, ekimenak jende berriarekin harremantzeko aukera ematen duela uste du beste antolatzaileetako batek, Maddi Zubillagak: «Pandemiagatik, norbera bere burbuilara biltzeko joera nagusitzen ari den honetan, mendi irteerak aitzakia polita dira beste jende batekin egoteko». Lehenengo hitzordura Aiztondoko herri ezberdinetako jendea gerturatu zen eta ikastetxe ezberdinetan ibiltzen diren adin ezberdinetako haurrek parte hartu zuten. «Umeak elkarrekin ederki moldatzen dira eta gurekin bakarrik joango balira baino errazago egiten dute bidea elkarren konpainian», aipatu du Arregik.

Ttonttorrez ttonttor ekimena berriro martxan jartzeko bilera egin zuten martxoa amaieran eta uste baino arrakastatsuagoa izan zela esan dute Arregik eta Zubillagak. «Dozena bat lagun bildu ginen, eta tartean ziren, oraintsu arte ekimena antolatzen ibilitako hiru lagun ere. Haien ahotik jakin genuen nola funtzionatu duten orain arte eta oso eskertuta gaude». Aldaketa handirik egin gabe, aurreko martxari heltzeko asmoa dute oraingo antolatzaileek.

HILEAN BEHIN IRTEERA BAT

Apirileko irteera Basagainera egin ondoren, maiatzaren 14rako Belkoain mendia aukeratu dute gurasoek. «Irteerak hemen inguruan direnean Villabonako Olaederra kiroldegitik abiatuko gara, baina badakigu txikienentzat Belkoainerainoko bidea luzea izan daitekeela, hortaz, aukera emango dugu Aduna bertatik bidea hasteko. Aurrera begira ere, irteerak adin ezberdinetako umeentzat moldatzen saiatuko gara», esan du Zubillagak. Lau bat orduko irteerak aurreikusi dituzte, «patxadaz egiteko», aipatu dutenez. Umeak aspertu ez daitezen eta pizgarri bat izan dezaten, bidean toki ezberdinak bisitatzen saiatuko direla esan du Arregik: «Aurrekoan, Basagaindik bueltan bidean dagoen zalditegian geldialdia egin genuen eta umeek izugarri gozatu zuten. Saiatuko gara parke edo toki berezietara bisitak egiten hurrengo irteeretan ere».

Irailetik uztailera, hori bai, hilabeteko maiztasunari eutsi nahiko liokete antolatzaileek. Ekaineko irteeraren ondoren, udako oporren aurretik, 2022-2023 ikasturterako egutegia elkarrekin prestatzeko berriro bildu nahi du antolatzaileek. «Aurreko taldekoek asteburu osoko irteerak antolatzen zituzten ikasturte amaieran eta urtarrilean ski irteera bat ere prestatzen zuten umeekin egiteko. Ikusiko dugu zenbat jende biltzen zaigun eta zein animo dagoen hori guztia antolatzeko».

Aurretik martxan dagoen WhatsApp taldean emango dute antolatutakoen berri, eta horrekin batera, Aiztondoko ikastetxeetara ere abisua eman asmo dute, gurasoak jakinaren gainean jarri ditzaten. «Parte hartzeko ez da ezer askorik behar, mendira joateko gogoa edukitzea baino ez», esan du Zubillagak. Arregik umea zela parte hartzen zuen Aizkardik antolatutako mendi irteeretan eta ilusioa egiten dio orain lau urteko alabarekin batera ekimenean parte hartzeak.

Ttonttorrez ttonttor ekimenaren berri jakin nahi duenak Amasa-Villabonako mendi elkartean galdetuta jakingo du edo antolakuntzan dabiltzan gurasoei galdetuta bestela. «Beso zabalik hartuko ditugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!