Seaska haur eskolako jolastokia berrituko du udalak

Ataria 2022ko maiatzaren 4a

Jolas eremu natural bat sortuko dute kanpo espazioan, umeek haurtzarotik naturarekiko lotura eta zaletasuna garatu dezaten.

Amasa-Villabonako Udalak, Seaska haur eskolako hezitzaileekin eta Haurreskolak partzuergoko arduradunekin adostasunez, eraikinaren kanpoaldean dagoen jolas parkea eraberrituko du, elementu naturalez osatutako parke berri bat eraikiz.

"Eremu naturalek eta berdeguneek mesede handia egiten diete haur txikiei, izan ere, ingurune natural batean aurki ditzaketen pieza askeekin askatasuna eta burujabetasuna lantzen dute eta eurek gidaturiko jolasen bidez, mundu eta istorio kolektiboak sortzen dituzte. Gainera, gela barruko ikasketa-eredua zail egiten zaie hainbat haurrei eta onura handia dakarkie jolastoki aberats eta praktikoa izateak", esan dute udal arduradunek.

Horregatik, jolas eremu natural bat sortuko dute Amasa-Villabonako Seaska haur eskolako kanpo espazioan, umeek haurtzarotik naturarekiko lotura eta zaletasuna garatu dezaten. Bide batez, naturgune honen bidez, bizi-estilo osasungarrietara ere bideratu nahi dituzte umeak.

Seaska haur eskolako alboan jarriko den jolas eremu naturala sortzeko lanek honako ezaugarriak izango dituztela iragarri du udalak:

  • Egungo kautxozko lurzorua kenduko da eta bertan dagoen etxola lekuz aldatuko da.

  • Belar artifizialaren azalera berri bat ezarriko da.

  • Akazi egurrezko enbortxoak eta pergola berri bat jarriko dira.

  • Hondarrarekin jolasteko eremu berri bat sortuko da.Tutu handi bat jarriko da, haurrek jolasteko.

  • Triangelu formako egurrezko elementuak jarriko dira.

Jolas eremu natural honekin, udalak egungo txikiak naturaren garrantziaz kontzientziatu nahi ditu, etorkizuneko heldu kontzienteak izan daitezen.

Guztira, 22.527 euroko inbertsioa egingo du udalak jolasgune berri hau eraikitzeko, eta Kimu bat enpresa kontratatu du proiektu honen diseinu eta exekuziorako. Lan hauek maiatza amaieran hasiko direla aurreikusi dute, beraz, haur eskolako ikasturte amaierarako amaituta egongo direla espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!