Bertsoa eta pilota uztartuz jai giroan ospatu du urteurrena Behar Zanak

Ataria 2022ko api. 30a, 20:58

21na berdinduta zihoazenean pilotariek erabaki dute 25 tantora luzatzea partida. Azkenean Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Goñik irabazi dute partida, 25 eta 22, Iñaki Lizaso eta Jon Erasunen aurka. Beteranoek Amaia Agirre izan dute botilero, eta eskualdekoek Unai Mendizabal.

Amasa-Villabonako Behar Zana pilota elkarteak 75. urteurreneko ekitaldi nagusietako bat egin du gaur arratsaldean, margotu berri duten udal pilotalekuan: bertso pilota. Frontoia jendez lepo zegoela bi partida jokatu dituzte.

Iaz bete zituen elkarteak 75. urteurrena, baina pandemia dela eta, bertan behera geratu ziren ospakizunak, eta aurten ari dira ekitaldiak egiten. Berdel Pilota Festa egin zuten martxoan, eta bertso pilota egin dute gaur, 17:30ean hasita.

Bi partida jokatu dituzte, eta lehenengoan, Jon Urbieta eta Julen Aizpuru, Eneko Maiz eta Julen Urruzolaren aurka lehia dira. Urbieta eta Aizpuruk irabazi dute partida 22 eta 17ko emaitzarekin. Tanto bikainak eta joko bizia erakutsi dute lau pilotariek eta publikoak txalo artean hartu ditu.

Bigarren partidan, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi aritu dira gorriz, eta Amaia Agirre izan dute botilero gisa. Aurrez-aurre, eskualdeko bi pilotari Behar Zana elkartearekin harreman zuzena dutenak: Iñaki Lizaso eta Jon Erasun, urdinez. Billabonatarrak eta zizurkildarrak Unai Mendizabal izan dute botilero.

Ikuskizun paregabea eskaini dute lau pilotariek eta partidaren hasieran urdinek aurrea hartu badute ere, berdintzea lortu dute gorriek. Bengoetxeak joko bikaina egin du, eta tanto ikusgarriak egin ditu Goñik, hutsak bezainbeste. Publikoak txaloka hartu ditu, bai asmatutakoaak baita Goñik galdutakoak ere. 21na berdinduta iritsi dira markagailura bi bikoteak eta eurek horrela eskatuta, 25 tantotara luzatu dute partida. Azkeneko txanpan, Bengoetxea eta Goñik hartu dute aurrea eta 25 eta 22ko emaitzarekin amaitu da bertso pilota festa.

Laster, ekitaldi gehiago

Maiatzaren 28rako mus txapelketa bat antolatu dute, eta gauean Musutruk taldearen emanaldia. Asteburu horretan, larunbatean eta igandean, argazki erakusketa bat jarriko dute Gurea aretoan. Ekainaren 3tik 4ra, Pilota Maratoi Solidarioa egingo dute Bearzana frontoian: 25 orduz jarraian pilotan ariko dira, hainbat modalitatetan eta adin guztietako pilotariekin. Kutxa bat jarriko dute diru ekarpena egiteko; Aspanogi elkartearentzat izango da bildutako dirua. Ekainaren 4an, elkarteko bazkideen afaria eta danborrada izango dituzte, eta, hurrengo egunean, Behar Zana eta Txost elkarteen arteko errebote partida.

Erreboteak protagonismo berezia izango du ekainaren 25ean, Errebotea Sutan txapelketa azkarrarekin. Lau talde osatuko dituzte egungo eta aurreko jokalariekin. Azken ekitaldia, berriz, uztailaren 31ko errebote partida klasikoa izango da. 93. aldiz jokatuko dute Amasa-Villabonaren eta Hazparneren (Lapurdi) arteko partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!