"Behar-beharrezkoak ditugu larreak"

Ataria 2022ko apirilaren 23a

Azken bi urteetan ez da egin ekitaldirik, baina aurtengoan berreskuratu dute Komizar parkean larre irekieraren festa. Ganadua eraman dute Komizarreko larreetara eta ondoren hamaiketakoa egin dute.

"Festak badu bere garrantzia", esan du Aitor Zuriarrain ganaduzaleak, Amasako Lizarra baserrikoak. "Modu honetan, kaleko jendeari erakustaldia hau egitea, eta azken finean, mendia denona dela adieraziz, denok bizi behar dugu ahal dugun modu egokienean".  Izan ere, Amasa-Villabonako ganaduzaleek beharrezkotzat dituzte Amasamendiko larreak. "Nire kasuan, etxeko larre inguruak oso murritzak ditugu, eta ganadu kopurua mantentzeko honen beharra dugu", esan du Zuriarrainek. "Egoera nahiko kritikoa dugu, pentsua-eta garesti dagoelako, eta mendiko larreei esker nahiko bideratu ahal dugu. Behar- beharrezkoak ditugu larreak".
 
Herriko hamar bat ganaduzalek larreratzen dituzte abereak. 240 hektarea larre daude, Komizar, Bildotseta, Onddolar, Belabieta eta Loatzo eremuetan zehar. Aurten 125 behi, 40 behor inguru, 800 ardi inguru eta 40 bat ahuntz izango dira larreetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!