Loatzoko XXVIII. igoera-jaitsiera, igandean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko apirilaren 21a

10:30ean hasiko da lasterketa eta korrikalariek 9,73 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Uxo-Toki elkartetik hasita; egunean bertan eman ahal izango da izena, doan.

Euskal Herriko mendi lasterketen egutegian ez dago probarik gabeko astebururik. Igandean ere, beste lasterketa bat jokatuko da, kasu honetan, eskualdean: Loatzoko XXVIII. igoera-jaitsiera. Amasako Martina elkarteak eta Uxo-Toki elkarteak antolatzen dute lasterketa, eta tradizioari eutsiz, aurten ere, apirileko azken igandean izango da. Azken bi urteetan ezin izan dute proba aurrera eraman, baina aurten lasterketa herrikoia berreskuratzea erabaki dute.

Korrikalariek 9,73 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Uxo-Toki elkartetik hasi, Loatzoko gailurrera igo, eta berriro irteera puntura itzuliz. «Jaitsierak arriskurik ez badu ere, 16 urtetik gorakoek soilik hartu ahal izango dute parte», adierazi dute antolatzaileek. Itsas mailatik 90 metrora dago Amasako plaza; Loatzoko gaina, berriz, 631 metrora. «10:30ean irtengo dira lasterkariak elkarte paretik, eta ordu eta erdia bete baino lehen osatu beharko dute proba». Egunean bertan eman ahal izango dute izena, 09:00etatik aurrera, elkartean bertan; izen-ematea doakoa izango da.

Urtero bezala, bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, diruz sarituko dituzte lehen hiru sailkatuak: lehenak, 120 euro jasoko ditu; bigarrenak, 80 euro; eta hirugarrenak, 50 euro. Lasterketan parte hartzen dutenen artean, «zozketa mundiala» egingo dutela aurreratu dute.

Trikuharri lasterketa

Uztailaren 23an, beste mendi lasterketa bat izango da Amasa-Villabonan: Trikuharri. Etzi zabalduko dute izen-emate epea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!