ELKARRIZKETA

«Gure lana, gehienbat, dinamizatzea eta akuilu lana egitea da»

Irati Saizar Artola 2022ko api. 24a, 07:58

Aurten 32 urte beteko ditu Villabonako euskara teknikari moduan Maite Arregik (Villabona, 1965). Euskara zerbitzua orduantxe txertatu zen udalean, eta ordutik euskararen bueltako lanetan dabil.

Euskara dinamizatzaile izenarekin hasi zen lanean Arregi, 1990ean, eta euskara teknikaria da egun; batetik udal barrura begira eta bestetik udalerrira begira egiten du lan, euskara sustatu eta dinamizatzen.

Zein da udal bateko euskara teknikari baten eginkizuna?

Udalak euskara zerbitzua eskaintzen du, eta zerbitzu hori bi esparru nagusiren inguruan mugitzen da: batetik, udal barruko euskara plana lantzen dugu eta bestetik udalerriko euskara plana.

Etxe barrura eta kanpora begira, beraz.

Hori da. Udal barruko euskara planean, esaterako, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza bereizten ditugu. Herritarren hizkuntza eskubideak hor daude eta horiek bermatu behar ditugu zerbitzua euskaraz emanez, eta bestetik, azken urteetako apustua daukagu lan hizkuntza euskara izateko. Lau urterako egiten dugu plana eta gero urtero kudeaketa planak diseinatzen ditugu. Hor, errotulazioa, irudi korporatiboa, publizitatea edota marketina neurtzen ditugu; herritarrekiko harremanak ahozkoak zein idatzizkoak nola izan behar duten ere jasotzen dugu; herritarrekiko ez ezik, langileen edo zinegotzien arteko harremanak zein hizkuntzatan izan behar duten ere zehazten dugu, edota lanpostuek izan behar dituzten hizkuntza eskakizunak eta bestelakoak diseinatzen ditugu. Hizkuntza irizpideak ere zehazten ditugu, eta irizpide horiek udalarekin harremana duten erakunde, administrazio, enpresa pribatu zein zerbitzuei eragiten die, baita diru laguntzak ematerakoan ere.



Euskarak guztia ukitzen du udal barruan.

Bai, alor guztietan gaude. Garai batean, beste eginkizun bat itzulpenak egitearena zen. Gaur egun, oso gutxi egiten ditugu, zerbitzu bakoitzak egiten duelako bere itzulpena behar izatekotan. Egun plenoak itzultzen ditugu, interpretazio zerbitzua eskainiz, bi zinegotzi euskaraz ez dakitenak daudelako.

Eta udalerrira begira zer egiten duzue?

Euskara sustatzeko plana egiten dugu hainbat arlo desberdinduz. Arlo bakoitzean dauden eragileekin, euskararen ezagutza eta erabilera sustatu eta dinamizatzeko ekintzak eta koordinazioa egiten dugu, kudeaketa planen bidez. Euskararen alfabetizazioa, esaterako, euskaltegiekin lantzen dugu. Irakaskuntzari dagokionez ere egitasmo dezente egiten ditugu ikastetxeekin, ikasleen sentsibilizazioa pizteko, batez ere DBHn, kultura lantzeko, bertsogintza lantzeko, idazleak ikastetxeetara ekartzeko bezalako egitasmoekin. Beste arlo bat sozioekonomikoa da: merkataritza eta ostalaritza ditugu hor. Horiekin egiten ditugun plangintzetan irudia eta paisaia linguistikoa euskaraz izan ditzaten saiatzen gara, edo euskalduntzeko klaseak eskaintzen dizkiegu baita ere. Aisia eta kirolari ere begiratzen diogu, haur eta gaztetxoekin egiten delako lan, eta hor, begirale eta hezitzaileek zein baldintza bete behar dituzten finkatzen laguntzen dugu. Horiez gain, kulturgintza, liburugintza edota publizitatea bezalako alorrak dauzkagu.

Eragileekin kontaktuan zaudete hortaz.

Eragile guztiekin izaten ditugu harremanak. Udaletik kanpora begira egiten dugun lana gehiago da sentsibilizatzea, eragitea, koordinatzea. Gaur egun euskara teknikaria deitzen zaio lanpostu honi, baina ni hasi nintzenean euskara dinamizatzailea nintzen, eta horixe da gure lana: dinamizatzea eta hor egotea denbora guztian akuilu lana egiten. Zerbait hobetzeko dagoenean zuzenduz eta erabat gainean egonez, kontzientzia hori pixkana hartzen dela ikusten dugu.

Nola ikusten duzu Villabonako euskararen egoera?

Lan honetan hasi nintzenetik sekulako aldea sumatzen dut, bereziki udal barruan. Lehen ia dena erdaraz egiten zen, eta gaur egun ia dena euskaraz egiten da. Alde horretatik pauso handiak eman ditugu. Gero, udalerri mailan, euskaraz dezente funtzionatzen dugu, gizarte eragileek euskaraz funtzionatzen dute, baina hala ere gainean egon behar izaten dugu. Hortik aparte, gauza informaletarako dituzten hizkuntza ohiturak daude, ezin kontrola ditzakegunak. Eta esaterako, merkataritzan, nik uste euskarari beldurra galdu zaiola. Lehen, kartelak euskaraz soilik jartzeko eskatzean uste zuten jendeak ez zuela ulertuko, eta beldur hori galtzen ari da. Orain behintzat, elebitan jartzekotan, euskaraz handiago ikus dadila eskatzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!