%40ko murrizketa aplikatuko zaie ostalariei terrazen tasan

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 13a, 11:59
Martxoaren 29an egindako osoko bilkuran bildutako udal ordezkariak.

Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez hartu du erabakia; pentsiodunen eskaerak bere egin eta iruzurraren aurkako konpromisoa hartu du udalbatzak.

COVID-19aren pandemiaren osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ondoren, Amasa-Villabonako Udalak tabernetako terrazen egoera erregularizatzeari heldu dio. 2020ko martxotik etenda egon da tasa honen kobratzea eta orain udalak erabaki du %40an murriztuko duela lurzoru publikoan aulkiak eta mahaiak jartzeagatik kobratzen duen tasa. Murrizketa hau 2019an ezarritako kopuruari aplikatuko zaio.

Tasa aplikatzeko okupatzen den eremua hartuko da kontuan eta bi mota bereiziko dira: lurzoru publikoan daudenak eta aparkalekuak okupatzen dituztenak. Pergolak edota lurzoruan iltzatutako egiturak dituzten tabernek urtean metro karratuko 10 euro gehiago ordaindu beharko dituzte eta autoen aparkalekuak okupatzen dituztenak urtean 15 euro gehiago metro karratuko. Mahai eta aulkiak jartzerako orduan, urte osorako epea, denboraldikoa (maiatzaren 1etik urriaren 30era) edo Santio jaietakoa hartuko da kontuan. 

Eremu publikoan mahai eta aulkiak jarri nahi dituzten establezimendu guztiek baimen edo lizentzia eskaera berri bat egin beharko dute. Lizentzia eskaerarekin batera, terrazak okupatutako eremua zehaztu behar da, eta mahai eta aulkien distribuzio zehatza agertzen den plan bat erantsi beharko da. Bestalde, indarrean dagoen udal ordenantzaren arabera, establezimendu bakoitzak, gehienez ere, 16 mahai jartzeko baimena izango du.
Tabernariek bete behar dituzten baldintzak argitzeko, Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde Hirigintzako zinegotzia, herriko ostalariekin bildu ziren pasa den martxoaren 14an. Batzar horretan tabernari batzuek udal tasa honen prezioa altuegia zela nabarmendu zuten, eta horren murrizketa eskatu zuten. Gauzak horrela, tabernariek egindako aldarrikapenak kontuan hartu eta Amasa-Villabonako udalak erabaki du aulki eta mahaien udal tasa %40an murriztea. 

Iruzurraren aurka
Amasa-Villabonako Udalak iruzurraren aurkako politika indartzeko konpromisoa hartu du, eta horretarako, iruzurraren aurkako plan bat osatu du. Plan honekin iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako gaietan aplikatu eta bete beharreko printzipioak eta arauak ezartzea du helburu. Prebenitzeko, detektatzeko eta iruzurra neurtu eta zuzentzeko neurriak dira plan honetan aipatzen direnak. 

«Udalak kultura etiko bat sustatu nahi du erakundearen barruan, iruzurrezko jokabideak edo jarduerak sorraraziko ez dituena eta horiek prebenitzea eta antzematea erraztuko duena», esan dute udal arduradunek.

Pentsiodunen eskaerak
Amasa-Villabonako Udalak udalerrian dauden banketxe guztiei eskatuko die 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango duten leihatila irekitzea, eta lanaldi osoan aurrez aurreko arreta bermatzea adin tarte horretako bezeroei. Adineko pertsonek eta pentsiodunek finantza erakundeetara jotzean izaten dituzten arazoak ikusita, Amasa-Villabonako pentsiodunen batzarrak mozioa aurkeztu zion aurreko martxoaren 29an udalbatzari. EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zituzten egindako eskaerak.

Besteak beste, udalak eskatu du egoera ahulean edo finantza bazterketa egoeran dauden pertsonei oinarrizko kontuen doakotasunaren berri ematea eta kolektibo honek aurkeztu beharreko dokumentazioa, ahal den neurrian sinplifikatzea. Aldi berean, 65 urtetik gorako pertsonei doako zordunketa txartela ematea ere eskatu dute udal arduradunek. Banka publikoaren aldeko aldarria egin du, amaitzeko, Amasa-Villabonako udalbatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!