ERREPORTAJEA

Beertoki: azoka iritsi da azken portura

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 23a, 07:58

Eneko Calvo, Igor Fernandez, Aitor Otegi eta Jon Ander Artola aritu dira Beertoki antolatzen sortu zutenetik. J.M.

V. Garagardo Artisauaren azoka egingo du gaur Beertokik, Villabonako Behar Zana udal pilotalekuan. 17 garagardogile artisau gerturatuko dira bertara eta jan-edanak izango dira bertaratutakoentzat. Gauean DJak arituko dira tabernetan. Azkena izango dela iragarri dute Beertokin biltzen diren lau lagunek; ibilbide baten amaiera ospatuko dute bihar.

Bosgarrena eta azkena izango da. Beertokik gaur egingo du Villabonako Behar Zana frontoian artisau garagardoaren azoka. Jon Ander Artolak, Aitor Otegik, Eneko Calvok eta Igor Fernandezek uste dute egin dutela egin beharreko ekarpena. «Bosgarren azoka 2020an egiteko asmoa genuen eta pandemiagatik bertan behera geratu zen. Iaz ere ezin izan genuen antolatu eta zor bat bezala sentitzen genuen. Modu honetara despeditu nahi dugu, ospakizun giroan eta gure alboan egon direnei eskerrak emanez», esan du Calvok. Ibilbide honetan egin dituzten lagunak izango dituzte gaur alboan eta 17 garagardogile artisauek jarriko dute postua azokan. 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 21:00etara egongo da zabalik. Gauean herriko tabernetan DJak egongo dira.

«Ez dugu azoka antolatzea zama bezala sentitzen, baina une hori iritsi aurretik nahiago bere horretan utzi», esan du Fernandezek. 2016an antolatu zuten lehenengoz azoka eta Euskal Herriko garagardo artisauarekin antolatu zuten lehenengotarikoa izan zen. Otegik azaldu duenez, ordutik asko ugaritu dira gisa honetako azokak eta hemen eskualdean bertan ere antolatzen dira makina bat: «Antolatzen hasi ginen garaian ez zebilen hainbeste jende garagardoa egiten eta orduan bazuen zentzua, funtzionatzen zuen erakusleiho bezala». Fernandezek gogoan du lehenengo azoka hartan 19:00ak aldera Behar Zana frontoian ikusten zen irudia: «Goialdetik begiratu eta kantxa jendez beteta ikus zitekeen. Orduan pentsatu genuen merezi zuela egindako lan guztiak».

 

Igor Fernandez: «Ez dugu azoka antolatzea zama bezala sentitzen, baina une hori iritsi aurretik nahiago dugu bere horretan utzi»

 

Garagardo artisauaren munduak urte guztiotan izan duen bilakaera gertutik ikusi dute Beertokiko kideek. Euskal Herrian, gaur egun, kalkulatzen dute, 80 ekoizle izan daitezkeela garagardo artisauaren munduan dabiltzan ekoizleak. «Eztanda moduko bat izango zela uste genuen eta gainbehera etorriko zela, baina batzuk desagertu arren, berriak datoz, badirudi ez duela etenik». Calvoren iritzian badira mundu honetan ere filosofia ezberdinak. Garagardogile batzuk tokiko kontsumoa bultzatzen dute, baina badira garagardo artisaua eginagatik ere, salmentara gehiago bideratuta aritzen direnak. «Aldiro-aldiro garagardo bitxiak sortzen dituzte, marka eta etiketa ezberdinak asmatu eta bizpahiru astez behin garagardo berri bat ateratzen dute».

Hiru garagardoen sorkuntza

Bestelako martxa eraman dute billabonatarrek. Hiru garagardo ekoitzi dituzte ia zazpi urteko ibilbidean, zaletasun gisa. «Guk nahi izan dugun garagardoa egin dugu, gustuko genuena», aipatu du Calvok. «Ez dugu sekula pentsatu izan modu profesionalean aritzea, beharrik ez dugulako izan. Gutako bakoitzak bere lana du eta gure denbora librean jardun dugu». Fernandezek dio pauso hori emateak arriskua hartzea suposatuko lukeela eta euren arteko harremana ere aldaraziko lukeela: «Horrelako abentura batean abiatu beharko banu, nahiago nuke lagun hauekin beste edozeinekin baino. Dena den, zaletasun bezala mantendu dugu garagardoa ekoiztearena, eta horrela hobe».

Momentuko joeretatik aparte ibili direla nabarmendu dute lau lagunek. «2018an Zappa sortu genuenean adibidez, joera bestelakoa zen. Fruta-gustuko garagardoak eta gozoagoak zeuden boladan. Guk garai batean edaten genituen garagardo garratzagoak genituen gustuko eta horretara jo genuen», aipatu du Otegik. Hurrengo urtean etorri zen, Kazalis, bigarren ekoizpena. «Formatua aldatuta, lata handiagoan atera genuen. Publiko guztiarentzako moduko garagardoa egin genuen, garagardo mota hau edatera ohituta ez dagoenak ere edan zezan. Baina dena den gure puntua eman nahi izan genion, eta uste dut lortu genuela».

Taldeko kideek gogoratu dute nola sortu zuten Kazalis garagardoaren etiketa: «Osteguneroko elkarteko afaria bukatuta, paperezko mantelean marrazkiak egiten hasi ginen eta horrela osatu genuen etiketa». Mikel Kazalis musikariari keinu bat egin nahi izan zioten garagardo hau ekoitzita, lau lagunak musikazaleak baitira. «Sortu ditugun garagardoak gure sorkuntza bezala sentitzen ditugu, musikari batek bere diskoa ere antzeko sentitzen duela pentsatzen dugu. Lanketa bat dago horren atzean, guri gustatzen zaiguna egin dugu, eta gero beti izan dugu zalantza jendeari gustatuko ote litzaiokeen», dio Calvok.

 

Jon Ander Artola: «Gure ekarpena egin dugula uste dugu, eta orain geure burua alde batera apartatzen badugu uste dugu ez dela ezer pasatzen»

 

Erantzuna beti «bikaina» izan dela nabarmendu dute, ordea, lau lagunek. Milana litro ekoitzi dituzte garagardo bakoitzarekin eta ia guztia salduta eduki dute ekoizpen bakoitza ateratzerako. «Lagunartean, ezagunak eta gertukoak ditugun tabernetan oso harrera ona egin diote gure garagardoari». Hain justu, pandemia garaian sortu zuten euren azkeneko garagardoa, Always look on the bright side of life. Otegik azaldu du zergatia: «Ostalariek garai gogorrak bizi izan zituzten pandemia hasieran eta haiek gu lagundu izan zigutela ikusita, pentsatu genuen guk ere lagundu ahal geniela. Kostatutako prezioan saldu genien garagardoa eta irabaziak haientzako izan ziren. Monty Python umore taldearen kantuaren izena hautatu genuen garai ilun horietan umore pixka bat jartzeko. Garagardoa ere, edan erraza zen, freskoa. Salgarria egin nahi genuen tabernariek erraz saldu ahal izan zezaten».

Hiru garagardoak elkarlanean ekoitzi dituzte Beertokikoek, beste hainbat garagardogilerekin lankidetzan: Drunken Bros, Gross eta Brew&Rollekin hurrenez hurren. «Ibilbide guzti honetan asko ikasi dugu», aipatu du Calvok.

Asko ikasi eta harreman sare zabala osatu dute. Hemeretzi elkarte eta eragilerekin aritu dira lankidetzan: Zapiain, Berbao, Kinpira, Kaori Faktoria, Ander Ortiz de Murua, Irrintzi elkartea, Lurgatz talde feminista... Sare zabala osatu dute eta eragile horiekin elkarlanean ekitaldi asko antolatu dituzte: karaokeak, pintxo-poteak, inaugurazioak, artista eta artisauen azokak, aurkezpen festak... Bederatzi dastaketa ere prestatu dituzte urte hauetan guztietan. «Ekimen asko izan dira antolatutakoak eta gogoan dut, Amasa kafetegian egindako bat, txokolatea, garagardo beltza eta ogia ezkondu genituen», aipatu du Calvok. «Garagardoa parranda giroarekin lotu izan da eta guk hortik atera nahi izan dugu eta beste tokietara eraman».

Musika lotune

Garagardo artisauarekiko afizioak lotzen ditu lau lagunak, baina baita musikarekikoak ere. Udazkenean antolatu ohi dute Beertoki Fest izeneko jaia, musika eta garagardoa uztartuz. 2018an, 2019an eta 2021ean egin dute, Berdura plazan. Gehiago izango ote diren? Erantzuten ez dakite Beertokikoek. «Oraindik ez dugu pentsatu eta momentua iristen denean erabakiko dugu». Beertoki Fest ekimenaz gain, 40 kontzertutik gora ere antolatu dituzte Villabonako taberna eta txoko ezberdinetan. Rock&Beer jaialdira ere antolatu dituzte irteerak bi alditan, 2018an eta 2019an.

Ez dute jarraituko ekimen hauen antolaketan. Artolak azaldu du: «Elkar zirikatuz hasi ginen eta azoka antolatzeko erronka hartu genuen geure gain. Gu lauok bakarrik ezin izango genuen dena antolatu; beste jende asko inguratu zaigu eta haiei eskerrak egin ahal izan dugu hau guztia. Zabaldu dugu ekimena, gure ekarpena egin dugula uste dugu, eta orain geure burua alde batera apartatzen badugu, uste dugu ez dela ezer pasatzen. Beertoki ez da desagertuko. Berriro bere baitara bilduko da eta gauzak antolatuko ditugu, baina gauza horiek guretzako izango dira, jendearentzako izan beharrean».

Amaiera ospakizun giroan egin nahi dute eta ondo pasatzeko ere baliatu nahi dute hitzordua, lagunartean. Denbora honetan guztian, oso gertu sentitu dituzten eragileak izango dituzte alboan. Mattin Gizarte abenturak jolasak antolatuko ditu goizean eta jatekoak prestatuko dituzte Ama jatetxeak eta Eko Talok. Artolak, Otegik, Calvok eta Fernandezek tarte bat hartuko dute garagardogileekin Irrintzi elkartean bazkaltzeko eta gauean DJen emanaldiaz gozatu ahal izatea espero dute. Ibilbide honetan guztian lagun izan dituztenak eskertzeko baliatuko dute biharko hitzordua.

«Garagardoak horiak, gorriak eta beltzak izaten dira. Eta guk urteotako azoka iragartzeko kartelak ere kolore horien arabera atera ditugu: izan dira kartel horiak, laranjak, gorriak eta marroiak; aurtengoa, berriz, beltza da. Bukatu zaizkigu koloreak eta bukatu da azoka», esan du umorez Fernandezek. Ibilbide baten amaiera da, eta aldi berean Tolosaldean garagardo artisauaren kulturak egin duen bidearen erakusgarri. Biharko V. Beertoki Garagardo Azoka festa handi bat izatea espero dute. Villabonako Behar Zana frontoira gerturatzeko gonbita egin diete eskualdeko herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!