Eneko Maizek garaipen garrantzitsua lortu du

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 7a, 11:57

Lehen Mailako Txapelketa irabazi du afizionatuetan; lorpen horri esker, udan, profesional mailako pilotariekin aritu ahal izango da.

Afizionatuen Trinketeko 1. Mailako Txapelketa irabazi berri du Eneko Maiz pilotari billabonatarrak. Duela bi urteko arantza kendu du; orduan, ezin izan zuen finala jokatu, lesio bat tarteko, eta orain, berriz, txapela janztea lortu du.

Igande arratsaldean jokatu zuen finala, Donapaleuko Trinketean, Ellande Orhategarayren aurka. 40-9 irabazi zuen Maizek. «Uste baino errazago irabazi nuen, hasieratik lortu nuelako alde handia». Aurkariak erakutsitako maila goraipatu du Maizek: «Oso gaztea da eta txapelketa bikaina jokatu du, baina bere lehen finala izan zen eta nabari zitzaion oso urduri zegoela. Ziur naiz aurrerago final gehiago jokatuko dituela».

Denera, 100 pilotari baino gehiago aritzen dira afizionatuetan, trinketean; horietatik hamaseik, lehen mailan jokatzen dute. Maizek zortzi partida jokatu behar izan ditu finala jokatu aurretik. Txapelketa «oso luzea, eta aldi berean, oso polita» izan dela aitortu du. Txapelketak berak, gainera, Ipar Euskal Herrian «garrantzia handia» duela nabarmendu du. «Gipuzkoa mailan, akaso, baliteke arrotza egitea». Hain justu, txapela irabazi duen lehen gipuzkoarra da Maiz.

Irabazi izanak, baina, ez dio ziurtatzen profesional izateko aukera. «Egia da, emaitza oso ona dela, eta udan, profesional mailako pilotariekin jokatzeko aukera izan dezakedala. Hortaz, aurrerapauso handia da. Honek entrenatzeko gogo eta ilusio handiagoa emango dit».

Etzi, buruz buruko beste txapelketa bati ekingo dio Maizek. Lehen mailako zortzi pilotari onenen artean jokatuko dute. Larunbatean bertan, final-laurdenetako kanporaketa jokatuko du Hendaian. «Ahalik eta urrunen iristen saiatuko gara. Horrela jarraituz gero, lehen esan bezala, profesional mailakoekin jokatzeko aukera handiagoa izango dut».

Maizek baieztatu du hegoaldetik geroz eta pilotari gazte gehiago ari direla iparraldera joaten, trinketean jokatzera. «Lehen urteetan, harriduraz begiratzen gintuzten, gehienek ezker paretan jokatu izan dugulako, eta beraz, jokatzeko modua ere oso desberdina genuelako. Hala ere, oso ondo tratatu gaituzte beti», nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!