Behar Zanarekin lankidetza hitzarmena sinatu du udalak

Ataria 2022ko api. 6a, 09:53

76. urteurrenaren harira antolatutako ekintzak eta ospakizunak antolatu eta garatzeko diruz lagunduko du udalak herriko pilota elkartea.

Behar Zana pilota elkartearen 76. urteurrenaren harira antolatutako ekintza eta ospakizunak antolatu eta garatzeko, lankidetza hitzarmen sinatu dute Amasa-Villabonako Udalak eta pilota elkarteak. Ekimen hauen antolaketa finantzatzeko 7.000 euroko ekarpena egingo dio udalak Behar Zana elkarteari. "Amasa-Villabonako kulturari oihartzun berezia emango dioten ekimenak antolatu dituzte. Gainera, elkartasun ekintza bat ere martxan jarri dute Aspanogi, Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea laguntzeko", aipatu dute udal ordezkariek.

Bestalde, Esku Pilota Enpresen Ligako pilotari profesionalen jaialdi berezia izango da aurten aurrenekoz Amasa-Villabonan. Udazkenean jokatuko dira partida hauek herriko udal pilotalekuan. Ekimen hau aurrera ateratzeko 5.000 euro bideratuko ditu udalak.

Iaz, 2021ean bete zituen Behar Zana pilota elkarteak 75 urte, baina COVID-19ak eragindako pandemiak ez zuen urteurrena behar bezala ospatzen utzi. Aurtengorako ekintza eta jaialdi ezberdinak antolatu ditu Amasa-Villabonako pilota elkarteak:

  • Apirilak 30. Bertso pilota jaialdia, udal pilotalekuan. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi pilotari ezagunak arituko dira, besteak beste.
  • Ekainak 3. Pilota maratoi solidarioa, udal pilotalekuan. 25 orduz pilotan arituko dira 12 modalitate baino gehiagotan. 200 pilotarik baino gehiagok parte hartuko dute. Aspanogi elkartearen aldeko jaialdia izango da.
  • Ekainak 25. Errebotea sutan, Erreboteko plazan. Behar Zanako pilotariek osatutako errebote taldeen arteko txapelketa historikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!