Iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako plana osatu du udalak

Ataria 2022ko mar. 31a, 10:13

Astearteko osoko bilkuran aho batez onartu zuten plana; Villabonako pentsiodunen batzarrak bankuen inguruan aurkeztutako mozioa ere onartu zuen udalbatzak.

Amasa-Villabonako Udalak iruzurraren aurkako politika indartzeko konpromisoa hartu du, eta horretarako, iruzurraren aurkako plan bat osatu du. Plan honekin iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako gaietan aplikatu eta bete beharreko printzipioak eta arauak ezartzea du helburu. Prebenitzeko, detektatzeko eta iruzurra neurtu eta zuzentzeko neurriak dira plan honetan aipatzen direnak. 

"Udalak kultura etiko bat sustatu nahi du erakundearen barruan, iruzurrezko jokabideak edo jarduerak sorraraziko ez dituena eta horiek prebenitzea eta antzematea erraztuko duena", esan dute udal ordezkariek.

Pentsiodunen eskaerak

Amasa-Villabonako Udalak udalerrian dauden banketxe guztiei eskatuko die 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango duten leihatila irekitzea, eta lanaldi osoan aurrez aurreko arreta bermatzea adin tarte horretako bezeroei. Adineko pertsonek eta pentsiodunek finantza erakundeetara jotzean izaten dituzten arazoak ikusita, Villabonako pentsiodunen batzarrak mozioa aurkeztu zion aurreko asteartean udalbatzari. EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zituzten pentsiodunek egindako eskaerak.

Hauek dira, Amasa-Villabonako Udalak egingo dituen eskaerak:

  • Lokaletara sartzeko ezarri diren murrizketek irauten duten bitartean, sukurtsal bakoitzean ahalik eta edukiera handiena izango duen itxarongela bat gaitzea.
  • Egoera ahulean edo finantza-bazterketa egoeran dauden pertsonei oinarrizko kontuen doakotasunaren berri ematea, eta kolektibo honek aurkeztu beharreko dokumentazioa, ahal den neurrian, sinplifikatzea.
  • 65 urtetik gorako pertsonei doako zordunketa-txartela ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera mugen ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe, edo antzeko produkturik izan gabe.
  • Espainiako bankuak argi eta garbi bereizi ditzala bankuen funtzio pribatua eta publikoa, eta azken hauen doakotasuna, edo, bestela, gutxieneko komisioa ezartzea.
  • Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak, Espainiako Bankuak eta euskal instituzioei banka publikoa osatu dezatela, banka pribatuarekin bateragarria izango dena.
  • Saldorik handiena duenari gehiago kobratzea.

%40a jaitsiera terrazen tasan

COVID-19aren pandemiaren osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ondoren, Amasa-Villabonako Udalak tabernetako terrazen egoera erregularizatzeari heldu dio. 2020ko martxotik etenda egon da tasa honen kobratzea eta orain udalak erabaki du %40an murriztuko duela lurzoru publikoan aulkiak eta mahaik jartzeagatik kobratzen duen tasa. Murrizketa hau 2019an ezarritako kopuruari aplikatuko zaio.

Tasa aplikatzeko okupatzen den eremua hartuko da kontuan eta bi mota bereiziko dira: lurzoru publikoan daudenak eta aparkalekuak okupatzen dituztenak. Pergolak edota lurzoruan iltzatutako egiturak dituzten tabernek urtean metro karratuko 10 euro gehiago ordaindu beharko dituzte eta autoen aparkalekuak okupatzen dituztenean urtean 15 euro gehiago metro karratuko.

  • Mahai bat eta 4 aulki urteko, 88,24 euro
  • Mahai bat eta 4 aulki, denboraldiko (maiatzaren 1etik urriaren 30era), 63,02 euro
  • Mahai eta eta 4 aulki Santio jaietan, 5,06 euro

Eremu publikoan mahai eta aulkiak jarri nahi dituzten establezimendu guztiek baimen edo lizentzia eskaera berri bat egin beharko dute. Lizentzia eskaerarekin batera, terrazak okupatutako eremua zehaztu behar da, eta mahai eta aulkien distribuzio zehatza agertzen den plan bat erantsi beharko da. Bestalde, indarrean dagoen udal ordenantzaren arabera, establezimendu bakoitzak, gehienez ere, 16 mahai jartzeko baimena izango du.

Tabernariek bete behar dituzten baldintzak argitzeko, Beatriz Unzue alkatea, eta Xabat Laborde, Hirigintzako zinegotzia, herriko tabernariekin bildu ziren pasa den martxoaren 14an. Batzar horretan tabernari batzuek udal tasa honen prezioa altuegia zela nabarmendu zuten, eta horren murrizketa eskatu zuten. Hori horrela, tabernariek egindako aldarrikapenak kontuan hartuta, Amasa-Villabonako udalak erabaki du aulki eta mahaien udal tasa %40an murriztea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!