Aizkardi mendi martxa izan da gaurko protagonista nagusia

Leyre Carrasco 2022ko mar. 27a, 16:39

Mila mendizale inguru batu dira 53. Aizkardi Ibilaldia egitera Villabona inguruko mendietan zehar. 

Bi urteko etenaldiaren ostean, gaur egin dute 53. Aizkardi Ibilaldia. Ekimena gogo handiz eta pozik berreskuratu dutela aipatu dute antolatzaileek. Gainera, giro aparta izan dute goiz guztian zehar, eta, guztira, mila mendizale izan dira Villabona inguruko mendiez gozatu dutenak, “batzuk kale egin duten arren”.

Ibilaldi motzean parte hartu dutenek 24 kilometro egin behar izan dituzte. Goizeko 8:00etan eman diote hasiera ibilbideari, Villabonako eliza aldamenetik abiatuta. 1.200 metro inguruko desnibela izan du ibilbideak, eta sei ordu inguruko iraupena. Hala ere, mendizale askok denbora jaistea lortu dute, eta korrikan egitera animatu direnak ere izan dira tartean.

Aitziber Ibarbia korrikalariak korrika alde batera utzi eta familiarekin oinez egin du ibilbide motza: “Desberdina da. Korrika disfrutatu dezakezu, baita oinez ere, eta nik izugarri disfrutatu dut oinez. Gauza bakoitzak bere lekua du, lasterketak, lasterketak dira, eta mendi martxak, mendi martxak”.

Ibilbide motza izan arren, gogorra ere izan dela esan du Rafael Larretxe mendizaleak: “Hasierako aldapak nahiko malkartsuak izan dira, eta kanatik gora ere gogorra izan da. Baina 1.200 metroko desnibela egiteko beharrezkoa zen”. 

Ibilbide luzea berriz, goizeko 7:00etan hasi da eta 43 kilometro, 2.400 metroko desnibela eta 10 bat orduko iraupena izan du. Hala ere, ibilbide luzea egin duen baten batek ere marka apurtzea lortu du.

Helmugatik igarotzean ibilbidea egin izanaren ziurtagiria jasotzeko aukera izan dute mendizaleek, baita indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa jateko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!