Ikasitako dantzak plazara atera dituzte

Ataria 2022ko martxoaren 26a

Oinkari Dantza Taldeak antolatuta, Dantzari Eguna ospatu dute goizean Villabonan. Herrian zehar kalejira egin dute lehenik talde guztiek, eta Errebote plazan emanaldia eskaini dute gero.

"Ikasturtea hasi zenetik orain arte ikasi dutena herriari erakusteko eguna da, egun berezia", esan du Lierni Kamio Oinkari dantza taldeko dantzariak gaurko egunaz galdetuta. Bera izan da gaurko egunaren antolatzaileetako bat, eta azaldu duenez, 250 ikasle inguru ibili dira plazaz plaza, goizean, dantza desberdinak eskaintzen, herriko hiru plazetan. "Arroako plazan argazki bat atera dugu lehenik, Oinkariko talde guztiek". Izan ere, Dantzari Egunean, Oinkarik herri ezberdinetan dituen dantzariak elkartzen dira.

Ondoren, 13:00ak aldera, Errebote plazan eskaini dute emanaldia ikasle guztiek. Eguraldiaren aitzakiarik ez dute izan, eta pozik pasa dute goiza. Gero, ezin izan dute betiko moduan elkarrekin bazkaria egin, Kaniok azaldu duenez, pandemiagatik ez egitea erabaki zutelako. Plazako emanaldi aurretik, ordea, hamaiketakoa egin dute. Aurrerantzean, ikasturtean zehar ikasten dutena ekainean egin ohi duten emanaldian eskainiko dutela aurreratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!