Iaz 900 pertsonak jaso zuten aurrez aurreko arreta Gizarte Zerbitzuetan

Ataria 2022ko mar. 25a, 13:26

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 2021eko memoria argitaratu du.

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak aste honetan argitaratu du 2021eko memoria. Sail honek guztira 592.571 euro inbertitu zituen iaz. Sail hau indartzeko azken urteetan urrats sendoak eman dituztela aipatu dute udal gobernutik, herritarren ongizatea bermatzeko. Besteak beste, nabarmendu dute, 2019tik Gizarte Zerbitzuetako saila %36 handitu dela eta sailaren zerbitzuak zabaltzeko langile administrari bat gehiago kontratatu dutela.

Pobreziarik eta bazterkeriarik gabeko herri bat izateko helburuarekin, herrian bizi diren pertsona guztiek bizitza duin bat eduki ahal izateko Gizarte Zerbitzuen sailak oinarrizko baldintzak bermatzeko lan egiten duela esan dute udaletik. "Lan horretan ezinbestekoa da alor honetan eskumenak dituzten erakunde publikoen arteko elkarlana, eta elkarlan horretan ere aurrera pauso nabarmenak eman dira". Besteak beste, 2021ean eskaini dituzten zerbitzuen inguruko datuok eman dituzte Gizarte Zerbitzuetatik: 

  • Aurrez aurreko arreta jaso duten pertsonak: 900
  • Gizarte Larrialdietarako laguntzak jaso dituzten pertsonak: 64
  • Kotizatu Gabeko pentsioa jaso duten pertsonak: 25
  • Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio jaso duten pertsonak: 75
  • Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jaso duten pertsonak:39
  • Babes-produktuak jaso dituzten pertsonak: 31
  • Etxez etxeko zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 26
  • Telelaguntza zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 103
  • Familia esku-hartze programaren bitartez artatu diren adingabeak: 12
  • Arreta psikologikoko programaren bitartez artatu diren pertsonak: 10
  • Laguntza juridikoaren programaren bitartez artatu diren pertsonak: 1
  • Harrera zentroan ostatu hartzeko eskaera bitartez artatu diren pertsonak: 2
  • Elikagai bankuaren programan parte hartzeko eskaera egin duten pertsonak: 51
  • Aukerak Suspertzen programan artatu diren adingabeak: 12

Udal gobernuak azpimarratu duenez legealdi honetan politika feministak jarri dituzte martxan, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean. Besteak beste, indarkeria matxistaren kontrako kanpainak garatu dituzte eta matxismoari aurre egiteko gida praktikoa sortu dute. Elkartasun politikak garatu dituztela ere aipatu dute udaletik. Batetik, El Salvadorreko Meanguera herrian ur hornidura ezartzeko laguntza eman dute Gizarte Zerbitzuen sailetik, eta bestetik, Saharar herriari laguntzeko kanpainak bideratu dituzte. Gipuzkoan eta Tolosaldean gizarte arloan dabiltzan GKEkin elkarlana ere garatu dutela dio udalak, euren jarduna garatu ahal izan dezaten diru laguntzak eman zaizkie 2021ean zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!