Aizkardik 53. Ibilaldia egingo du igandean

Ataria 2022ko mar. 23a, 11:57

Osasun egoera dela eta, aurten egunean bertan ezingo da izen ematerik egin; bi ibilbide prestatu dituzte urtero bezala

Igandean egingo dute 53. Aizkardiko Ibilaldia. Pandemiagatik bi urtetan antolatu gabe egon ondoren, berriro berreskuratu du ekimena Amasa-Villabonako mendi elkarteak. Dena den, osasun egoeragatik egunean bertan ezingo da izen ematerik egin. Parte hartu nahi duten mendizaleek ostiralera arte eman dezakete izena Zirkuitua.com helbidean. 2019an 1.408 mendizalek hartu zuten parte.

Urtero bezala bi ibilaldi prestatu dituzte datorren iganderako. Ibilaldi motza, 24 kilometrokoa eta 1.200 metro inguruko desnibela duena, 08:00etan abiatuko da. Sei ordu inguruko iraupena duen buelta da eta Villabonako eliza aldamenetik abiatuta Otieta, Lapurtxulo, Astabizkar (575 metro), Amasola, Praxku, Kanal Handia, Oinddolar eta Lasturretik itzulia egin ondoren bueltatuko dira parte hartzaileak Villabonara.

Ibilbide luzea 14 urtetik gorakoentzat prestatu dute eta 21. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da. 43 kilometroko luzera duen ibilbidean, ondorengo parajeak zeharkatu beharko dituzte mendizaleek: Villabona, Otieta, Lapurtxulo, Onddo (780 metro), Azketa (832 metro), Leuneta (880 metro), Abadekurutz (984 metro), mandoegi (1.045 metro), Kondizatzeko lepoa, Leitzaran, Gorosmendi, Mugaga, Urdelar (858 metro), Belabieta, Komizar eta Villabona. Guztira 2.400 metroko desnibela duen bidea da eta 10 bat ordutan egin daitekeela kalkulatzen dute antolatzaileek. 07:00etan abiatuko dira ibilbide luzea egingo duten mendizaleak.

MENDIZALEENTZAT OHARRAK

Larunbatetik iganderako gauean ordu aldaketa izango da eta Aizkardi elkartetik datu hori kontuan hartzeko eskatu diete parte hartzaileei. Aurten, gainera, osasun egoera dela eta, ez da lokala prestatuko bezperatik etorri nahi duten mendizaleentzat. Hori bai, aldatzeko arropak bertan uzteko kontsigna zerbitzua egongo da eta bukaeran dutxa zerbitzua jarriko dute. Antolatzaileek ohartarazi dute jan-edanak norberaren kontu izango direla.

Villabonako mendizale elkarteak gogorarazi du Aizkardiko Ibilaldia ez dela mendi lasterketa bat, eta beraz, oinez ibiltzeko gomendioa luzatu diete gerturatzeko asmoa dutenei. Ibilaldia bukatzen duten eta bertan aurkitzen diren parte hartzaileen artean, mendiko materiala zozkatuko du Aizkardik igandean. Iragarri dutenez 17:30ak aldera egingo dute material banaketa.

Informazio gehiago nahi duenak, Aizkardi.com helbidean izango du, baita ibilaldia@aizkardi.com helbidean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!