ELKARRIZKETA

«Kultura bizirik nola mantentzen da?»

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 25a, 07:57

Idoia Beratarbide aktorea, 'Bidaide' antzezlanean. MENDI URRUZUNO

Herri kulturan dabilen jendeari omenaldi moduko bat eginez, Bidaide antzezlana ikusteko aukera izango da, gaur, 19:30ean, Gurea antzokian.

Udalbiltzak sortutako Geuretik Sortuak proiektuaren bidez ondu du Bidaide antzezlana Metrokoadroka sormen laborategiak. Iraia Eliasekin batera, Idoia Beratarbidek (Oiartzun, 1977) zuzentzen du lana, eta Atarrabian eta Uharten egindako egonaldietatik sortu dute.

Gaur, Villabonako Gurea antzokian izango dira, 19:30etik aurrera. Geuretik Sortuak proiektuaren bidez egindako bost antzezlan ekarriko dituzte Gurea antzokira, eta gaurkoa izango da guztietan lehena. Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo dira antzezlanean.

Zeri buruz arituko zarete lan horretan?

Gure asmoa da kulturgintzan dabilen jendea zein den erakustea, omentzea. Eta bide batez galdetzea zerk mantentzen duen kultura bizirik eta nor den bizirik mantentzen laguntzen duen hori.



Herri kulturan aritzen diren horiek omentzen dituzue nolabait?

Orokorrean hausnarketa bat da: «Kultura bizirik nola mantentzen da? Zerk egiten du kultura etengabe aurrera joatea?».

Geuretik Sortuak proiektuaren bidez sortu duzue. Egonaldi batzuk egin dituzue, zuen kasuan Metrokoadroka sormen laborategiko kideek hartu duzue parte.

Egonaldiak Atarrabian eta Uharten egitea tokatu zaigu. Taldean jende asko gaude, oholtzan gaudenak batetik, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Maite Aizpurua, Idoia Hernandez Hatxe musikaria. Batzuetan Mikel Ugarte izaten dugu oholtzan musikari bezala, produkzioan Josu Zubia eta Oier Guillen aritu dira eta Guillen bera aritu da testuarekin eta kanpo begiradarekin laguntzen. Argien diseinuan Miriam Ubanet, nahiz eta gero biran beste bi teknikarirekin kontatzen dugun. Talde handia daukagu.



Nolakoa izan da sortze prozesua?

Hasiera batean gaiarekiko gogoeta moduko bat egin dugu, auto-galderak egin dizkiogu geure buruari eta hortik abiatuta egin dugu ondorengoa. Behin Uharte eta Atarrabiara joanda, bertako kulturgileekin kontaktatu dugu, eta elkarrizketak egin dizkiegu. Hortik atera dugun informazioarekin, gure egin, eta kontakizuna unibertsalizatzen saiatu gara. Gure lan egiteko modua puzzle modukoa da, taldean gaudenak oso diziplina ezberdinetako jendea gara: aktoreak, musikaria, artista plastikoak, idazleak. Orduan, jaso dugun informazio horrekin pieza txikiak sortzen joan gara, eta gero hori guztia itsatsi eta harilkatu egin dugu. Inoiz ez dakigu zer doan lehenago, batzuetan irudia doa lehenago, beste batean testua, beste batean pertsonaia... baina tira buelta horretan ibiltzen gara.

 

«Ez dugu inor ateratzen oholtzara, beraz, ez dadila inor izutu»



Hainbeste partaide izanda, eskema bat egin eta denbora tarte batean guztia sartzea ez da lan erraza izango.

Ordu eta zerbait irauten du emanaldiak. Saioan zehar publikoaren laguntza izaten dugu; ez dugu inor ateratzen oholtzara, beraz, ez dadila inor izutu, baina publikoak ere parte hartzen du gure lanean. Azkenean, Metrokoadrotan kolektiboan beti sortu izan dugu horrela. Naturaltasunez egiten dugun zerbait da.



Estreinaldia Atarrabian eta Uharten egin zenuten. Zer moduz joan zen?

Egun bateko diferentziarekin egin genituen saioak. Elkarrizketatu genituen asko gerturatu ziren, eta guretzat ere polita izan zen beraiek emandakoa bueltatzea.

Ordutik agenda beteta duzue.

Bai, hilabete honetan sei emanaldi izan ditugu eta hurrengoan beste bost ditugu. Proiektu honek ona daukana hori da, kontuan izan dutela sortzeaz aparte eta sortzeko plaza emateaz aparte, horrelako zirkuitu bat lotu digutela, eta horri esker ari garela inoiz iritsi gabeko herrietara iristen. Gaur Villabonan izango gara, hilabete amaieran Sartagudan daukagu eta datorren hilean Ipar Euskal Herrian beste pare bat saio ditugu. Behin lana bukatuta, jakitea plaza daukazula lan hori erakusteko, egia esan pozgarria da. Eta gure lanean publikoak badu bere garrantzia eta polita da herriz herri nola emanaldiaren zati bat aldatzen den jendearen arabera.

Tokian tokikoari garrantzia ematen diozue eta publikoarekin sartzen zarete. Ez daude bi emanaldi berdin?

Emanaldian jendea ikerketa moduko baten barruan sartzen dugu, hori da jolasa. Hasieran oraindik eta gehiago eraldatu nahi genuen emanaldia lekuaren eta espazioaren arabera, baina COVID-19aren kontuagatik gauza batzuk zaildu dira, eta mugatu egin dugu publikoarekin daukagun jolas hori. Hala ere, ematen dio bere ukitua, nahiz eta emanaldiaren ehuneko handi bat berdina izan. Azkenean, Atarrabia eta Uhartetik ateratako istorioa denontzat bideratuta eskaintzen dugu, eta ehuneko txiki bat da publikoaren eta herriaren arabera aldatzen dena.



Erraldoien gonen azpian dagoenaz arituko zarete. Zer dago ba hor azpian?

Hori deskubritzeko emanaldira gonbidatuko nuke jendea. Atarrabian eta Uharten erraldoiaren presentzia oso handia da, eta guk sinbolo bezala erabili dugu, lan egiten duen pertsona hori, batzuk ikusgarriak direlako, baina beste zenbaitek barrutik egiten dute lan, eta guk herri horietan elkarrizketatu genituenean ikusi duguna izan da, sekulako borondatea dagoela gauzak aurrera eramateko, eta benetan egiten den horrek daukala garrantzia.

Eszenografian erraldoiren bat edo beste ikusi ahalko da?

Erraldoiak badaude, erraldoien kontzeptua hor dago, festa giro hori ere bai, eta guk herritarrengandik jaso duguna gure modura azaltzen da. Ez da erraldoi tipiko bat, baina sinbolikoki guretzat badago erraldoi bat.

Musika zuzenean entzuteko aukera izango da.

Sormenean zehar, Idoia Hernandezek sortu du musika guztia, eta zuzenean arituko da oholtza gainetik. Musikaren presentziak zuzenean garrantzi handia dauka, dena puzzle baten moduan eraikitzen delako.

Ikusleak gonbidatu nahi dituzu zuen saiora?

Bai, noski. Egia esan guk asko gozatzen dugu emanaldia egiten, eta polita izango da Villabonako eta inguruko jendearekin gure lan hau konpartitu ahal izatea.

 

BIDAIDE

Aktoreak: Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias, Idoia Hernandez Hatxe eta Mikel Ugarte.

Zuzendaria: Iraia Elias eta Idoia Beratarbide.

Idazketa: Oier Guillan eta aktoreak.

Argi diseinua: Miriam Ubanet eta Ana Da Graça.

Ekoizpena: Josu Zubia.

Argazkiak: Mendi Urruzuno.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!