Fiteroko Uztai Txapelketa irabazita ekin dio Ander Lizarraldek Uztaien Ligako denboraldiari

Ataria 2022ko martxoaren 19a

Xabi Iturralde (ezkerrean) eta Ander Lizarralde (eskuinean), Fiteroko Uztai Txapelketaren sari baneketan. D. LOPEZ ALEMAN

Izkingile billabonatarra Xabi Iturralderekin batera aritu zen aurreko igandean, eta lehen itzulian hirugarren sailkatu ziren arren, finalean nagusi izan ziren. Bihar izango dute ligako hurrengo hitzordua. 

Ezin hobeto hasi du Uztaien Ligako denboraldia Ander Lizarralde izkingile billabonatarrak; izan ere, joan den asteburuan Fiteroko Uztai Txapelketa irabazi zuen Azpeitiko Xabi Iturralderekin batera, eta 252 punturekin sailkapenean lehen postuan kokatuta ekin diote 2022ko denboraldiari. 

Martxoaren 13an jokatu zuten Fiteroko Uztai Txapelketa, herri nafarraren zezen plazan, eta, guztira bederatzi bikote aritu ziren lehian. Lehen fasean, Eulogio Mateo ganadutegiko Ponchera behiari zazpi uztai sartzea lortu zuten  Lizarraldek eta Iturraldek, eta hirugarren sailkatu ziren, horrela finalean sartuz. Lehen itzulian emaitzarik onenak eskuratu zituzten hiru bikotek jokatu zuten finala, eta Lizarralde eta Iturralde nagusi izan ziren Eulogio Mateo ganadutegiko Ladrona behiari sei uztai sartuta. Bihar bertan izango dute bi izkingileek ligako hurrengo hitzordua, Alagonen (Zaragoza, Espainia). 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!