Inauterietako txertoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2022ko mar. 19a, 20:58

Dagoeneko pare bat aste edo pasa dira inauteriak amaitu zirela eta ez dakit zuek baina, nik ajearekin jarraitzen dut oraindik. Jaiotzez billabonatarra naizen arren, hiru urte baino gehiago daramatzat Tolosan bizitzen eta aurten inoiz baino gehiago bizi izan ditut inauteriak. Eguneko mozorro batekin eta batez ere, eguneko parranda zoragarri horietaz gozatzen. Eta ez…, inork ez zidan esan festak amaitu eta hurrengo egunetan, «xisko eginda» egongo nintzela.

Musuko gutxi ikusi nituen. Oso gutxi. Baina horri esker ere aspaldian ikusten ez genituen aurpegi irribarretsu horiek ikusteko aukera izan dugu, eta poztasun hori ere kutsakorra da, bai… birus madarikatu hori bezala.

Zalantzarik gabe, inauteriak behar genituen. Aurtengoak inoiz baino gehiago gainera, eta hori kaleetan barrena ere nabaria izan da. Jendea alai, pozik eta oso irribarretsu ikusi dut. Txarangen atzetik saltoka eta kantuka ibili gara uneoro eta egunak alaitu dizkigute melodia zoragarri horiek. Egia da inauterien ondorioz, COVID kasuak berriz ere gora egin dutela Tolosan, baina onura asko ere ekarri dizkigu.

 

«Inauterietako txertoa... gure ongizate pertsonalerako (eta osasun mentalerako) falta zitzaigun azken dosia izan da. Askok beharbada ez dute ulertuko, baina 'desfase' pixka bat behar genuen. Umore pixka batekin bizitza beste era batera ikusten da»



Inauterietako txertoa… gure ongizate pertsonalerako (eta osasun mentalerako) falta zitzaigun azken dosia izan da. Askok beharbada ez dute ulertuko, baina «desfase» pixka bat behar genuen. Umore pixka batekin bizitza beste era batera ikusten da, eta gaur egungo munduaren panorama ikusita, hobe inauteri infinito batzuetan biziko bagina… A ze panorama!

Eta orain… behin inauteriak pasata, noiz hasiko gara aurtengo San Joan festak prestatzen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!