Fleming herri eskolan inbertsioak egiteko laguntza jaso du udalak

Ataria 2022ko mar. 9a, 10:36

Eusko Jaurlaritzaren 'Udalaguntza2022' diru laguntza lerrora aurkeztutako eskaerak aintzakotzat hartu dituzte eta 79.352 euro jasoko ditu udalak Fleming herri eskolako eraikinetan hobekuntzak egiteko; Eskolako zuzendaritzarekin adostu dira egin beharreko lanak.

Amasa-Villabonako udalak 70.000 euroko partida ekonomikoa jarri du 2022ko aurrekontuan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoko instalazioetan hobekuntza inbertsioak egiteko.

Fleming herri eskolako zuzendaritzarekin adostu dute udal gobernuko kideek aurten egingo dituzten hobekuntza lanen edo proiektuen zerrenda: 

  • Arratzaingo eraikin zaharreko atzeko patioa estali.
  • Arroako eskolako eraikinaren fatxada margotu.
  • Arratzainen geratzen diren leiho zaharrak kendu eta berriekin ordezkatu.
  • Arratzaingo eraikin zaharreko teilatuan inpermeabilizazio lanak egin.
  • Arroako eraikineko estalki zaharraren gainaldea inpermeabilizatu.

Proiektu guzti hauen inguruko dokumentazio teknikoa prestatuta, udalak eskaerak bideratu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Udalaguntza2022 diru laguntza lerrora, zeinetan eskola publikoetan inbertsioak egiteko finantziazioa bideratzen den. Diru laguntza honekin, egin beharreko inbertsioaren %60a finantzatzen du Hezkuntza Sailak eta gastuaren gainerako %40a udalak hartzen du bere gain.

Otsailean argitaratu zen Udalaguntza2022 diru laguntzen ebazpenean, Hezkuntza Sailak, Amasa-Villabonako Udalak eskatutako diru laguntza guztiak onartu zituen eta guztira 79.352 euro bideratu zaizkio udalari. 

Udalak dagoeneko jaso du diru hori eta Hirigintza saila inbertsio guzti horiek prestatzen ari dira. Aste santuetako oporraldian leihoen aldaketak eta bi inpermeabilizazio lanak egitea, eta ondoren uda garaian Arratzaingo patioa estaltzeko lanak eta Arroako eskolako fatxada margotzea da udalaren asmoa. 

Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen diru laguntza hauek lortu izanagatik poza adierazi du udal gobernuak eta Hirigintza saileko teknikariak zoriondu ditu egindako "lan bikainagatik". Urtero eskola publikoetako instalakuntzak hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du udal gobernuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!