Otsaileko osoko bilkuran erakunde adierazpena onartu zuen Amasa-Villabonako Udalak. EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek dokumentua babestu zuten eta guztiek bat egin zuten emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko urrats sendo eta erabakigarriak hartu behar direla defendatzean.
Zehazki, udalak erronka hauetan pixkanaka aurrera egiteko konpromisoa hartu du. Besteak beste, berdintasun politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartuko ditu. Bestalde, berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartuko du, baita udaleko arloen arteko koordinazioan ere. Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatuko du, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza plana progresiboki planifikatuz.
Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzeko ahalegina egingo du udalak, euren eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio eskubideen aitorpena aintzat hartuz.
Amasa-Villabonako Udalak ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egingo du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa. Herritarren sentsibilizazioan sakonduko due makumeak ahalduntzeko neurriak garatzen jarraituko du eta erakundeen akordioak, koordinazio sistemak eta protokoloak aldian-aldian eguneratu eta hobetuko ditu.