ERREPORTAJEA

Elkartasunez herria saretzeko ahalegina

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 25a, 11:50

Juan Ignazio Ugarte eta Arantza Lopez, Amasa-Villabonako Elkartasun Sarearen egoitzan, joan den astean. J. MIRANDA

Duela bi urte boluntario talde batek Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea sortu zuen, eta ordutik ez diote utzi beharrean dauden herritarrak laguntzeari. Oinarrizko produktuak bildu eta banatzen dituzte ekimenean, Zu-Bi dinamikaren bitartez.

Pobrezia egoeran edo bazterketa sozialeko arriskuan dauden herritarrei laguntzeko sortu zuten Villabona-Amasako Elkartasun Sarea, duela bi urte. Hasierako asmoei berriak batu zaizkie, eta dimentsio handia hartu du egitasmoak. “Herri honetan inork ez dezala ezeren falta sumatu: hori da gure helburua”, esan du Arantza Lopez Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi eta sareko kideak. Herritik eta herrian dituzten baliabideekin erantzun nahi diete bertakoek dituzten premiei.

Ekonomia zirkularraren ideian egin du azpimarra Lopezek: “Elikagai Bankuko hilean behingo sorta horiekin ikusi genuen ez zirela asetzen herrian geneuzkan behar guztiak. Herriko Eroski merkataritza gunearekin harremanetan jarri ginen, eta konpromisoa hartu genuen eguerdiro bertatik pasatu eta sobran geratzen zitzaizkien elikagaiak jasotzeko. Ondo dauden produktuak dira; bestela, zaborretan bukatuko lukete”.

Produktu fresko horiekin eta beste hainbat saltokitatik lortutakoekin, sortak prestatu eta egunero banatzen dituzte, astelehenetik larunbatera, herriko plazan duten lokalean. “Gizarte zerbitzuetara oraindik sarbiderik ez duten pertsonak” izaten dira gerturatzen diren gehienak, Juan Ignazio Ugarte Elkartasun Sareko boluntarioak aipatu duenez. “Euren egoera erregularizatu edo laguntza eskaera tramitatu bitarteko tarte horretan oinarri-oinarrizkoena ere ez duten familiak izaten dira”.

Momentuko aterabidea

Lopezen ustez, Elkartasun Sareak ez du ordezkatzen gizarte zerbitzuek egiten duten lana, baina laguntzen du unean uneko hutsuneak betetzen eta zenbait arazori momentuko aterabidea ematen, herrikideen arteko harremanaren bitartez. “Gertutasuna, konfidentzialtasuna eta diskrezioa eskaintzen ditu sareak”, azaldu du Lopezek. “Elikagai sortaren bila etorri, elkar ezagutu eta konfiantza harreman bat sortzean, norberak errazago adierazten ditu norbere beharrak. Batean esango dizute hotzez daudela eta beroki baten beharra dutela, eta hurrena umearen urteak direla eta harentzako oparirik ez dutela”.

Familia horiek falta dutenaren bila aritzea da sareko boluntarioen lana. Bi bilketa solidario egin dituzte dagoeneko, eta jendearen erantzuna “zoragarria” izan dela esan du Ugartek. “Ez dugu publizitate handirik egin behar izan; ahoz aho zabaldu da gure egitasmoa, eta edonoiz etortzen zaigu jendea sobran duen hori guri ematera”.

Amasa-Villabonako Udalak ere lagundu du egitasmoa. Diru ekarpen bat egiteaz gain, elikagaiak gordetzeko lokala utzi eta egokitu du, produktu freskoen trazabilitatea bermatu ahal izateko beharrezko hozkailuak erosiz. Larrea auzoan ere lokal bat utzi dio udalak Elkartasun Sareari, bertan jostailuak eta arropak gorde ahal izateko. “Boluntarioek kudeatzen dugu lokala, eta gerturatzen diren herritarrak duintasunez tratatzen ditugu, denda batera erostera joango balira bezala”, esan du Ugartek.

Elikagaiak banatzetik hasi eta zabalduz joan da egitasmoa. Gaztetxeko gazteen laguntzaz jostailu banaketa egin zuten Eguberrien aurretik, eta 32 haurrek baino gehiagok jaso zituzten opariak herrian. Umeek aukera berdintasuna izan dezaten, Elkartasun Sareak Zu-Bi proiektua jarri du martxan, inor bazterrean ez gelditzeko helburuz. Proiektuak zabalkunde handiagoa izatea espero du Ugartek: “Gaitasun ekonomikorik ez duten familien seme-alabek aukera berdintasuna izan behar dute, kirola egiteko edota musika eskolan, dantzan eta euskarazko udalekuetan izena emateko”.Ugartek uste du besteak beste euskara ikasteko bidea dela hori. “Gure asmoa da eragileekin hitz egitea herriko egitasmoetan umeen sarbidea ziurtatzeko”.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak iritzi dio umeek bezainbesteko onura jasoko duela herriak. “Adierazi nahi diegu Amasa-Villabona herri ona dela bertan bizitzeko, eta are hobea izango dela haiek hemen geratuz gero. Hona bizitzera etortzen denak ikusten badu bere herrikideak alboan dituela, laguntzeko prest, errazago sustraituko da bertan; eta berdin sentituko du hemen bizi eta egoera larrian dagoenak”. Elkartasun Sareko kideen ustez, jendeak egoera zailetan eman duen erantzunak erakusten du zein den “herriaren tamaina”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!